Magiak asteburu oso bat hartuko du Legazpin abenduan
Eneko Gutierrez magoak antolatuta, abenduaren 12tik 14ra bitartean makina bat ikuskizun eta jarduera izango dira herri osoan, Magia Jiji-Jaja jaialdiaren aterpean. Ekitaldi nagusia Latxartegi aretoko gala izango da, abenduaren 12koa.
Magiak protagonismo berezia hartuko du aurten Legazpiko abenduko agendan, Eneko Gutierrez mago eta ilusionistak antolatu duen asteburuarekin. Abenduaren 12tik 14ra, ostiralean hasi eta igandera arte, makina bat magia ikuskizun izango dira herrian.
Lehen Magia Jiji-Jaja jaialdia izango da, eta Gutierrez hasita dago ikuskizun horiek iragartzen.
Aurten, hirugarren edizioa betetzear duen Magia Gala hutsa antolatu beharrean, jaialdi handiagoa prestatu du. “Lehenengo gala hura, 2023koa antolatu nuenean, esan nuen hirugarren ediziorako zerbait berezia egiten saiatuko nintzela, jaialdi handi bat, eta lortu dut”, azaldu du mago legazpiarrak. “Pozik” dago gainera, “ia herri osoaren babesa” lortu duelako: udalarena, Ilinti merkatari elkartearena, Kate kaleko tabernariena, Legazpiko Gazte Asanbladarena eta Lenbur Fundazioarena.
Magia Jiji-Jaja jaialdiaren egitaraua
Udalarekin batera antolatutako Euskal Magoen 3. Galak irekiko du Legazpiko lehen magia jaialdia, eta egitarauko “ekitaldirik garrantzitsuena” izango da. Ostiral iluntzean izango da, Latxartegi aretoan, eta aurreko bi galak bezain arrakastatsua izatea espero du Gutierrezek. “Ni aurkezle lanetan arituko naiz berriz ere, eta aurten Markinako Oier Jurado ‘Enzzo’, Azpeitiko Julen Magoa eta Gasteizko Alaitz Oraa izango dira gonbidatutako magoak”.
Ilintiren laguntzarekin, Legazpiko merkatarien misterioa mago detektibeskoen eskutik ikuskizuna prestatu du. “Oier Jurado eta ni gara mago detektibesko horiek, eta ikuskizun ibiltaria egingo dugu, dendaz denda, gertuko magia”. Larunbat goizean izango da, abenduaren 13an.
Kate tabernariei esker, berriz, “magia poteoa” prestatu dute, Kukue, Giroa, Karibe Zahar, Karibe Berri, Gurrutxaga, Katilu, Oilarra, Ibaiondo, Xarpot eta Elizondo tabernetan egiteko. Hamar magok parte hartuko dute poteo berezi honetan, “taberna bakoitzean bat izango da. Bi datoz kanpotik, oso onak biak, Carlitos Bartzelonatik eta Jerry Zhang txinatarra Madriletik. Besteak dira Andoni en Zapatillas, Maria Arandia, Alex de la Morena, Beñat Zubizarreta, Iagomago, Asier Saizar, Ruben Rodriguez eta Xabi Garmendia”. Larunbat arratsalderako plana izango da.
Larunbat gauean Gaztetxean izango da hitzordua, “magia gala bihurri batekin”. Helduentzako magia saio bat izango da, “publiko guztientzako magia galak egin ondoren, magook gauean taberna batean elkartuta egin ohi izan ditugunen antzekoa”. Honako hauek osatuko dute kartelera: Eneko Gutierrez berak aurkezle gisa, eta Carlitos, Fernando de Rozas, Oier Jurado, Julen Magoa, Iagomago, Andoni Zapatiletan eta Unia Jurado magoak-
Eta azken egunean, igande goizean, Lenburrekin batera izango da hitzordua, Txillida Lantokian, Andoni en Zapatillas izango da bertan goizean.














