Ordiziako ordenantza fiskalak onartuta, adostasun zabalarekin
2026ko udal tasak eta zergak onartu dituzte aparteko eta presazko osoko bilkuran. Etxebizitza hutsek %150eko errekargua izango dute. Herritarrek 30 eguneko epea dute erreklamazioak egiteko.
Aparteko eta presazko osoko bilkura egin zuten ostegunean Ordiziako udaletxean. 2026ko ordenantza fiskalak onartzea zen gai bakarra. Atalez atal, bederatzi bloketan banatuta aztertu zituzten datorren urteko udal tasak eta zergak. Adur Ezenarro alkateak bilkuraren hasieran laburbildu zuenez, ordenantzen igoera orokorra %3koa izango da eta hondakinen kasuan, berriz, guztira %6koa. «Igoera hori hala izatea iazko urtean adostu zen; 2025-2026-2027 ekitaldietan izango dira igoerak, egungo legediak eskatzen duen bete ahal izateko eta zerbitzu horrek dakartzan gastuei aurre egiteko, hain zuzen ere».
Bestalde, diru sarreren araberako ordainketa progresiboaren politikari eustea onartu dute, alkateak azaldu duenez. «Diru-sarreren araberako ordainketa egitearen aldekoak gara, hobariak handituz eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kopuruak jaitsiz. Hori kalkulatzeko erreferentzia LGS Langile arteko Gutxieneko Soldata erabiliko da betiere bizikidetza unitateko kideen arabera proportzioan handituz, eta guraso bakarreko familietan, kide bat gehiago zenbatuko da diru-sarreren mugak zehazten dituen taulan. Familia ugarietan ere, lau seme-alabatik gora dituzten familientzat, hobariak lortzeko mugak handitu dira, etxebizitzaren balio katastralean edo ibilgailuen zaldien mugan».
Igoerarik izango ez duen zerbitzua, haur-eskolena izango da.
Etxe hutsen errekargua
Adostasun zabalarekin onartu dira ordenantzak, udala osatzen duten alderdi politikoek egindako hainbat emendakin eta proposamenekin osatuta. Ondasun Higiezinen gaineko zergaren barruan (OHZ), Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosena izan da adibidez, etxebizitza hutsen errekarguaren igoerarena; %50tik %150era pasako da, Foru Arauak baimentzen duen gehiengora arte, alegia.
Bestalde, Ordizia Orainek proposatuta, etxebizitzako eraginkortasun energetikoa hobetzeko obretarako hobaria onartu dute, gehienez, %50ekoa izango da.
OHZren atala EH Bildu eta Ordizia Orainen botoekin onartu zen. EAJ abstenitu egin zen, ados egonagatik, azken orduan sartutako aldaketak izan direlako eta ez dutelako lantzeko denborarik izan. Gainerako ordenantza guztiak hiru alderdien botoekin onartu ziren. PSE-EE guztietan abstenitu egin zen, udalbatzaren hasieran argitu zuen bezala.
Hondakinetan
Hondakinen atalean, alokairuan bizi diren pertsonek eta hondakinen tasa beraiek ordaintzea behartuta dutenei diru sarreren araberako tasa aplikatuko zaie. Beste aldaketa bat ere izango da Ordizia Orainen emendakina onartu ondoren: «Granelean, bigarren eskuko, plastikorik gabeko edo horrelako denda ekologikoei hondakinen tasa %30 bonifikatzea».
Bestalde, ibilgailu elektrikoen karga puntuak orain arte doakoak ziren eta aurrerantzean dagokien prezio publikoa izango dute Ordizian, EAJk egindako proposamena onartuta. Joseba Aranburu EAJko udal taldeko bozeramailearen esanetan, «Lukusingo plazan dagoen autoen kargagailu elektrikoaren zerbitzua prezio publikoen ordenantzan sartzea» eskatu dute. Izan ere, «2023an jarri zutenetik zerbitzua doakoa izan da, baina urtebete igarota, beharrezkoa da doakotasun horrek udal kontuetan izan duen eragina baloratzea. Zerbitzu publikoa denez, ordenantzetan jasota egon behar du». Eta horregatik eskatu zuten arautzea, Aranburuk azaldu duenez.
EAJren beste proposamen bat ere jaso du ordenantzak, basoen ustiapenaren ingurukoa. «Gure udalerrian dauden basoen ustiapenak landa-bideei eta herriko bideei eragiten die», gogorarazi dute. Hori dela eta, dagokion ordenantza fiskala eta tasa proposatu dituzte, «baso eta landa-bide horiek behar bezala kontserbatzeko eta herritarren erabilerarako egoera onean mantentzeko».
Ordiziako EAJk nabarmendu du «proposamen hauek oposiziotik eginda ere udal gobernuak onartu» dituela eta indarrean jarriko direla. «Horrek erakusten du gure lana serioa dela eta herritarren mesederako dela».
PSE-EEren abstentzioa
PSE-EE abstenitu egin zen tasa eta zergen bozketan. Ana Sanchez sozialistak salatu du «Ordizia Orain-Podemosek aurkeztutako proposamenen bat osoko bilkuraren egun berean aurkeztu izana, batzordetik pasatu gabe eta aztertzeko denbora materialik gabe».
Bestalde, sozialistek «errefusatu» egin dute etxebizitzarekin lotutako neurriak ikuspegi fiskaletik soilik eztabaidatzea. «Gure ustez, gai hau Etxebizitzaren Udal Planaren barruan jorratu behar da, hirigintza, ondare, finantza, ekonomia, gizarte, ingurumen, antolaketa eta erakunde arteko alderdiak barne hartzen dituen ikuspegi integral batekin». Bide batez, PSE-EEk behin eta berriz eskatu du plan hori, eta salatu du «EH Bildu ekainetik ari dela bere aurkezpena atzeratzen».
Aldizkari Ofizialean
Behin udalbatzak Ordenantza Fiskalei onarpena emanda, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaletxeko iragarki taulan jarriko da, eta herritarren 30 eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko.













