Ordiziarrock jaialdiaren doinuak
Ostegunean ‘Enarak’ dokumentala izango da, Ordiziako Herri Antzokian. Ostiralean eta larunbatean sei kontzertu izango dira pilotalekuan.
Legazpiko John Dealer & The Coconuts. Mikel Bravo/MKL Estudioa Hiru eguneko 22. Ordiziarrock musika jaialdia hasiko dira ostegunean, Enarak dokumentalarekin, 19:00etan, Herri Antzokian. Ordiziarrockeko Urko Ruiz de Apodakak aurreratu duenez, «kartel polita osatu dugu, denetik dago, denentzako eta pozik gaude aurten ateratako kartelarekin ere». Ohi bezala, dohainik izango dira kontzertuak.
Ordaindu beharrekoa ekitaldi bakarra biharkoa izango da, Enarak ikusteko. 50 urteren ondoren, Beñat Iturriotzek bere aitaren [Juanjo Iturriotz legorretarra] musika taldean sakonduko du. 1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971an misteriotsuki desagertu ziren, betirako. Ruiz de Apodakak nabarmendu dutenez, «gertutasun bat daukagulako» aukeratu dute Enarak dokumentala: «Larraizko kontzertuan laguntzen egon ginen. Bat dator Ordiziarrockeko izpiritu honekin».
Ostirala
Ostiraleko eta larunbateko kontzertuak, pilotalekuan izango dira. «Ostirala egun rockeroa dela esango genuke. Ostiraletan beti izaten da gitarra hotsa gehiago, eta larunbata poperoagoa». Ostirala bertako talde batekin hasiko dute, herriko musika lokaletan entseatzen duen Trannce taldearekin. «Goierri eta Tolosaldeko musikariz osatua dago. Metal estiloa jorratzen dute».
Ondoren, John Dealer&The Coconuts etorriko da Legazpitik, «rock-and-rollarekin. Gogo handia daukagu talde hau ekartzeko. Gauza batengatik edo besteagatik ezin izan dugu orain arte ekarri, eta aurten bai. Pozik gaude, izugarrizko taldea da eta bertakoa. Izugarrizko zuzenekoa dute. Antolakuntzan beteranoenak garenok doinu hauek entzun izan ditugu beti, eta pozik gaude».
Azkenik, Andaluziatik etorriko da La Perra Blanco. «Nahiz eta bere liderra [Alba Blanco] gaztea izan, kontzertu piloa eman ditu mundu guztian zehar, jaialdi askotan parte hartu du, rockabilly, country… estiloa jorratzen dute».
Larunbatean
Larunbateko egitaraua, Esanezin taldearen disko berriarekin hasiko da. «Disko berria argitaratu du eta larunbatean aurkeztuko du. Ianire [Aranzabe] ere etxekoa da, asko maite dugu eta izugarrizko ilusioa egiten digu Esanezin bere disko berri honekin etortzea eta larunbateko jaialdia irekitzea».
Bigarren taldea, Maskak, Ipar Euskal Herritik dator. «Nahiz eta beraien kideek ibilbide luzea izan, talde berria dela esango genuke. Musika modernoxeagoa jorratzen dute. Orain gazte jendeak entzuten duen talde bat da». Izan ere, argi dute: «Ordiziarrock ere hori da: mundu guztiarentzako egindako jaialdi bat. Musika estilo batera mugatu beharrean beti saiatzen gara ahalik eta abaniko zabalena edukitzen».
Azkena, «larunbateko plater izarra» Bengo izango da. «Oiartzundik dator, Aitor Bengoetxea musikaria. Musika urbanoa egiten duela esan genezake. Oso entzuna da gazte jendearen artean».
Ogitarteko bereziak
Aurten bada berrikuntza bat Ordiziarrocken: edatekoaz gain, afaltzeko aukera egongo da gune barruan. «Kuko jatetxekoek prestatutako panini bereziak».
Egitaraua
Ostegunean
- 19:30. Enarak dokumentala. Herri Antzokian. Sarrera, 5 euro.
Ostiralean
- 21:30. Trannce.
- 23:00. John Dealer&The Coconuts.
- 00:30. La Perra Blanco.
- Gau guztian, DJ Necora.
Larunbatean
- 20:15. Esanezin.
- 23:00. Maskak.
- 00:30. Bengo.
- Gau guztian, Dj Rïko.













