Txillida Lantokira eta Langileen Etxebizitzara bisita gidatuak, igandean
Lenbur Fundazioak antolatu ditu, Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez. Doan dira, baina izena eman behar da.
Lenbur Fundazioak bat egin du Ondarearen Europako Jardunaldiekin aurten ere, eta bisita gidatuak antolatu ditu iganderako ospakizun horren baitan. Bisitak Txillida Lantokira eta Langileen Etxebizitzara izango dira.
Doan dira, baina izena eman behar da aurretik.
Txillida Lantokira bisita
Txillida Lantokiko bisita 11:00etan hasiko da, eta arkitekturari, arteari eta industriari lotuta egongo da. Izan ere, “industria ondarea berreskuratzeko proiektu arkitektonikoa” da museo hori, “minimalista eta funtzionala, Arkitekturako Sari Nazionaleko finalista 2011n, eta industriak erakartzen dituenentzako santutegia”.
Bertan, Txillidak Legazpin egin zituen burdinazko eskultura handien berri jasotzen da, eta bisitan zehar, eskultura horiek nola egin zituen aztertzeaz gain, espazioari ere erreparatuko diote.
Langileen Etxebizitza
Langileen Etxebizitzaren bisita 12;30ean hasiko da. Etxebizitza hori Legazpiko lehen langile auzoan kokatzen da, San Ignazio auzoan, hain zuzen, eta bertan “arkitektura soziala eta industriala” elkartzen dira, eta “1940eko hamarkadako goraldi industrialean herriak izan zuen bilakaera urbanistikoa islatzen den gunean” dago.
Patrizio Etxeberriaren fabrikaren hedapenak eta ondorioz, langileen etorrerak bultzatu zuen enpresa etxebizitzak eraikitzera”. Etxebizitza hau horietako bat zen, eta “orduko eredu arkitektonikoa eta bizikidetza formulak ezagutzeko aukera ematen digu: apopiloak eta sukaldea erabiltzeko eskubidea zuten bizilagunak”.
Bisitak egiteko izena eman behar da 943 73 04 28 zenbakira deituta edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidalita.













