Kultura desberdinen topaleku bihurtu da gaur Legazpi
Beste kultura batzuetako gastronomia, ohiturak, artisautza eta musika ezagutzeko aukera izan da goizean eta eguerdian, Hotz Legazpik eta udalak antolatutako Kulturen Arteko Egunarekin.
Eguraldia lagun izanda, eta plazak eskaintzen duen espazio zabalari esker, Legazpiko Kulturen Arteko Egunaren bigarren edizioak lehenak baina arrakasta handiagoa izan du. Goizean hasita, amaitu berria da festa kutsua duen topaketa hau. Gastronomia, artisautza eta musika zubi izan dira berriz ere Legazpin bizi diren kultura desberdinak ezagutzeko.
Honduras, Kolonbia, Venezuela, Peru, Maroko, Nigeria, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Euskadi, Pakistan, Extremadura, Nikaragua, Argentina eta Kuba izan dira partaideak, Jatorkin, Shifa eta Kattalin elkarteekin batera. Mor Mbathie joskina ere hor izan da, baita hainbat artisauren postuak ere.
Kubako mojitoa eta txerrikume errea, Extremadurako arkumea, Argentinako haragi enpanada, Marokoko te berdea eta pastak, Latinoamerikako kutixia pikanteak, Afrikako hainbat herrialdetako arrozak, Pakistaneko samosak… plazan bertan postuen ondoan jarritako mahaietan bazkaltzeko aukera zabala zen. Legazpiko batukada taldeak jarritako erritmoak eta Fusion H taldearen musika lagungarri izan dira goiz, eguerdi eta bazkalondo paregabea igarotzeko. Haurrentzat ere izan dira jarduerak, besteak beste henna eta trentzena.
Hotz Legazpi elkarteak Legazpiko Udalarekin batera antolatutako festa izan da.












