Autobus zerbitzu berezia jarriko du aldundiak Mutiloako Txerri azokarako
Azaroaren 2an ospatuko dute aurten, Mutiloako Txerri Azoka.
Mutiloako 16. Txerri Azoka, iaz. Maider Insausti Datorren azaroaren 2an ospatuko dute aurten, Mutiloako Txerri Azoka. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentua autobus zerbitzu berezia jarriko duela iragarri du «festaz gozatu nahi dutenek modu jasangarri, eroso eta seguruan egin dezaten», Azahara Dominguez diputatuak zehaztu duenez.
Zegamako plazatik abiatuko dira zerbitzu bereziak 10:15ean eta 11:45ean; eta ondorengo ibilbidea egingo dute gero: Seguran, 10:20ean eta 11:50ean (plazan) eta Zerainen, 10:25ean eta 11:55ean, markesinan. Itzulera zerbitzuak Mutiloatik abiatuko abiatuko dira 13:15ean eta 14:30ean, eta ibilbide bera egingo dute.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkatearentzat «garrantzitsuak» dira horrelako ekimenak: «Txerri azoka bezalako egun batean, beste herribatzuetatik etorriko diren herritarrei garraio publikoa erabiliz bertaratzeko aukera ematen diolako eta aukera paregabea delako, herria ezagutu eta egun horretan herriak eskaintzen duen guztiaz disfrutatzeko».
Amaitzeko, diputatuak azpimarratu du, «udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoko zerbitzua izatea garrantzitsua dela, desberdintasunak murritzeko eta biztanleen bizi kalitatea hobetzeko».













