Beasainpedia proiektua jaio da: Beasain Wikipedian euskaraz
Beasaini buruzko euskarazko edukia aberastea du helburu. Aittu! euskara elkarteak eta udalak elkarlanean abiatu dute. Herritarrek artikuluak, irudiak eta erreferentziak gehituz parte har dezakete.
Beasainpedia wikiproiektuaren sarrerako atala. Beasainpedia, euskarazko Wikipedian Beasaini buruzko edukiak aberasteko proiektu herritarra abian da Aittu! Euskara Elkarteak sustatuta, Beasaingo Udalaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua da Beasaini buruzko informazio fidagarria, zabala eta euskarazkoa sortzea, sarean gure hizkuntzaren presentzia indartuz.
Beasainpediaren lanaren koordinazioa Aittu! Euskara Elkartearen esku dago, eta Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen (EWKE) laguntza teknikoa jasotzen du. Proiektuaren oinarriak iaz sinatutako hitzarmen batean jaso ziren, eta ordutik, beasaindarrek beren herriari buruzko ezagutza digitalizatzeko bideari ekin diote.
Beasainpediaren asmoa ez da soilik Wikipediako artikulu kopurua handitzea. Helburua da euskararen normalizazioan urrats berriak egitea, hizkuntza eremu digitalean ere errotuz. Izan ere, gaur egun, Beasaini buruzko euskarazko artikuluak ez dira 200 baino gehiago, baina proiektu honen bidez kopuru hori handitu eta kalitatea hobetu nahi da.
«Digitalizazioaren aroan, ezinbestekoa da gure hizkuntzak ere tokia izatea sarean. Wikipedian dago askotan informazioaren lehen iturria, baita adimen artifizialaren bilaketentzat ere. Horregatik, euskarazko edukiak sortzea da gure egitekoa», azaldu du Aittu! elkarteak.
Herritarren sarea
Beasainpedia proiektuaren indargune nagusia herritarren parte-hartzea izango da. Herriko elkarte, talde eta norbanakoekin sarea osatzen ari dira, eta jada hogei elkarte inguru batu dira ekimenera. Parte hartu nahi duen oroko artikuluak idatziz, irudiak igoz, testuak itzuliz edo dagoeneko sortutako artikuluak osatuz lagundu dezake.
Hasierako laguntza eta orientazioa Aittu! Euskara Elkarteak eskainiko ditu, norbanakoek edo taldeek lehen pausoak erraz eman ditzaten. Horretarako, urtean zehar ikastaro irekiak eta elkarteekin topaketak antolatuko dira, artikuluak elkarrekin editatu eta igotzeko.
Proiektuaren barnean beasaindar baten biografia igotzea eta haren omenez ekitaldia egitea ere aurreikusten da hiru hilean behin, herritarren proposamenak aintzat hartuz.
Hezkuntza eta berdintasuna
Hezkuntza arloan, Beasainpedia herriko ikastetxeekin lankidetzan ari da, haien beharrak asetzeko eta ikasleek Wikipediaren erabilera sustatzeko. Lehen hezkuntzako ikasleek Txikipedian jardungo dute, eta ikasle zaharragoek Txikipedian zuzenean editatuko dute.
Bestalde, WikiEmakumeok izeneko lerro berezi baten bidez, proiektuak emakumeen presentzia handitu nahi du Wikipedian, bai editore gisa, bai edukien protagonistetan.
Beasaingo Udalak eta Aranzadik azken urteetan argitaratutako hainbat bilduma –Beasaingo Paperak, Beasain Jaietan eta Beasain: Oroimen historikoa, besteak beste– digitalizatuak daude jada, eta Beasainpediako edukiak osatzeko oinarri garrantzitsua izango dira.
Horiekin batera, hedabideetako artikuluak eta elkarrizketak ere erabiliko dira iturri gisa, artikuluen erreferentzia sistema sendotzeko.
Parte-hartzea
Aurkezpen publikoa bihar, asteazkena, egingo da, Igartzako jauregian, 18:30ean hasita. Ekitaldian proiektuaren nondik norakoak azalduko dira, eta herritarrek nola parte hartu azalduko da, bai artikuluak sortzen, bai argazkiak eta materialak igotzen.













