‘Gurea erabil dezakezu’ ekimena martxan da Idiazabalen
Idiazabalgo Altxau Burue ekimenak, Izalbizia elkarteak eta udalak sustatu dute kanpaina. Herriko 10 saltokik egin dute bat egitasmoarekin.
Altxau Burue ekimena, Izalbizia merkatari elkartea eta Idiazabalgo Udaleko ordezkariak atzo, egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Idiazabalgo Udala Idiazabalgo Altxau Burue ekimenak, Izalbizia merkatari elkarteak eta udalak haur eta nerabeek lehen mugikorra izateko adina atzeratzea bultzatzen duen kanpaina jarri dute martxan herrian. Kanpaina honi esker herriko 10 saltoki, taberna eta zerbitzu publikotako telefonoak erabili ahal izango dituzte gaztetxoek. Saltoki eta zerbitzu publiko horiek, Gurea erabil dezakezu dion pegatina izango dute aurrerantzean.
Sakeleko telefonoak haur eta nerabeen artean duen eraginaz kezkatuta sortu zen Altxau Burue egitasmoa Idiazabalen. Orain, Izalbizia eta udalarekin batera martxan jarritako kanpaina honen helburu nagusia, haur eta nerabeei lehen smartphonea emateko adina atzeratzea eta mugikorrik gabeko nerabezaro bat sustatzea da. Izan ere, sakelakoaren gehiegizko erabilera goiztiarrak eta honek sortzen duen mendekotasunak kezka sortzen dute gurasoen artean. Horregatik, “inertzia hori hautsi eta espazio publikoa berreskuratu” behar dela uste du Altxau Burue ekimenak. Era berean, komunitateko kideen laguntza eta elkarren zaintza sustatu nahi da ekimen honekin.
Kanpainan parte hartzen duten saltoki, taberna eta zerbitzu publikoek, haien telefonoa haur eta nerabeen eskura jarriko dute, haiek behar dutenean, erabil dezaten. Proiektu honekin bat egin duten guneek, Gurea erabil dezakezu dioen pegatina izango dute, atean edo erakusleihoan jarrita. Gaztetxoek, ustekabe edo larrialdiren bat dutenean, pegatina hori duten edozein lekutan sartu eta telefonoa eskatu ahal izango dute. Horrela, ez da beharrezkoa izango telefono mugikorra gainean izatea gurasoekin harremanetan jartzeko.
Gurea erabil dezakezu kanpainan, herriko zortzi komertzio eta tabernak eman dute izena. Saltokiez gain, udal liburutegian eta frontoian ere erabili ahal izango da bertako telefonoa. Guztira, herriko 10 puntutan, alegia.













