XI. Cava Festa hasteko prest
Herrialdeko katalanetako hamar cava dastatzeko aukera izango da asteburuan. Gaueko autobus zerbitzu bereziak jarri ditu aldundiak.
Sant Sadurni D´Anoiako eta Zegamako udal ordezkariak iaz Zeraingo Ohiarte sagardotegian.Tere Madinabeitia Hamaikagarren urtez, Cava Festaz gozatzeko aukera izango dute zegamarrek, eta bertara gerturatzen direnek, asteburu honetan. Zegamako Udalak eta herriko hainbat elkartek antolatutako ekimena da, Zegamak Sant Sadurni D´Anoiako (Herrialde Katalanak) herriarekin duen senidetzearen ondorioz jaioa.
Iker Zubeldia Zegamako alkateak dionez, «senidetze honi zentzu bat» ematea da festaren helburua. Hala, urtero bezala, Sant Sadurniko hainbat upategitako ordezkarien batera, udaleko ordezkaritza bat ere izango da asteburuan Zegaman, «han egiten dutena Zegaman erakusteko». Bertako ezagutzera emateko aukera ere ez dute galduko zegamarrek eta iaz bezala, Zeraingo Oiharte sagardotegira bisita antolatu dute larunbat eguerdirako. Bertako sagastiak bisitatu, sagardoa ezberdinak dastatu eta elkarrekin bazkalduko dute bi udaletako ordezkariek.
Zegaman Cava Festa bezala, Cavatasta egin zuten orain aste batzuk Sant Sadurni D´Anoian. Biak ala biak, norberaren produktuak promozionatzeko erakusleiho dira. Zegamarrak ere izan ziren bertan, «Xabi Azurmedi Zegamako artzainaren gaztak eta Oholtzeko gaztak eraman genituen. Arrakasta handia izan zuten, eramandako guztia saldu zen», kontatu du Zubeldiak. Zegama-Aizkorri mendi maratoiari buruzko informazioa ere eraman zuten hara eta Zegamako txistu taldeak ere bigarrenez errepikatu zuen bisita.
Guztia prest astebururako
Ostiralean 20:00etan emango diote hasiera Cava Festari, herriko frontoian, eta larunbatean errepikatuko dute ordu eta leku berean. Guztira, 10 cava ezberdin dastatzeko aukera izango da eta jatekoa Txomin Parrilak eskainiko du. Aurtengo upategi gonbidatua Recadero Terrens Brut Nature 2019 izango da. «Hauek ez dute berea cava kontsideratzen, Corpinat izeneko izendapen bat sortu dute. Edari are ekologikoagoa da eta beraien mahastietan orain dela ehunka urteko jardunean aritzen dira. Oso cava bereziak dira», zehaztu du Zubeldiak.
Frontoia goizaldeko 01:00ak arte egongo da irekita bi egunetan eta giroa alaitzeko musika emanaldiak ere izango dira. Jo Motel txaranga arituko da ostiralean eta GTI taldean larunbatean. Bi emanaldiak 22:30ean hasiko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu bereziak ere jarri ditu Cava Festaren harira. Ostiralean 00:10ean eta 01:55ean irtengo dira autobusak Zegamatik eta Segura, Idiazabal, Olaberria, Beasain, Ordizia, Arama, Itsasondo eta Legorretan egingo ditu geldialdiak. Larunbatean ohiko gaueko ordutegian izango da autobus zerbitzua.














