Donostian Urrezko Maskorra irabazi duen filma Goierrin ikusgai
Alauda Ruiz de Azua zuzendari bilbotarraren 'Los domingos' filma ostiralean estreinatuko da zinema aretoetan. Beasainen, Lazkaon eta Ordizian proiektatuko dute.
Ostiralean, hilak 24, estreinatuko da zinema aretoetan Alauda Ruiz de Azua zuzendari bilbotarraren Los domingos filma. Lan horrek eskuratu zuen Donostiako 73. Zinemaldiko Urrezko Maskorra; baita Euskal Zinemaren Irizar Saria ere. Kritikaren, ikusleen eta epaimahaiaren iritziak bat etorri dira aurten film horri sari nagusia ematea ebazterakoan.
Goierriko hiru zinema aretoetan proiektatuko dute filma asteburuan: Beasaingo Usurbe antzokian larunbatetik astelehenera, Lazkaoko Arerian ostiraletik astelehenera eta Ordiziako Herri Antzokian ostiraletik asteartera.
Moja izan nahi duen neskatoa
Klausurako moja bilakatu nahi duen 17 urteko neska bat du protagonista Los domingos-ek, eta asmo horrek familia bati nola eragiten dion kontatzen du. Blanca Soroak jokatu du gaztearen rola filmean, eta Patricia Lopez Arnaizek, Nagore Aranburuk eta Miguel Garcesek ere parte hartu dute aktore taldean.
Ruiz de Azuak filmaren aurkezpenean azaldu zuen bere helburua izan zela pertsonaia guztiak eta haien ikuspuntuak ulertzen saiatzea, eta ideia horretan egin du azpimarra saria jasotzerakoan ere. «Zinema maite dut beti erakusten didalako beste leku batzuetatik begiratzen».












