«Enarak taldeari eta aitari buruzko jakin-minez hasi zen proiektua»
1967an, diktadura frankista betean, Juanjo Iturriotz, Jose Iñurrita, Antton Lopez-Abu Hureira, Jesus Calvete eta Meltxor Maritxalarrek sortutako Enarak musika taldearen istorioa jaso du Beñat Iturriotzek dokumentalean.
Beñat Iturriotz. Legorretarekin lotura zuzena du Enarak dokumentalak, 1967an sortutako Enarak musika taldeko abeslaria izan zen Juanjo Iturriotz legorretarraren Beñat semearen proiektua baita. Larunbatean, 18:30ean, Herri Antzokian aurkeztuko dute, Iturriotz aita-semeek eta Iñurritak.
Legorretakoa aurkezpenik berezienetako bat izango da.
Aita legorretarra da eta Enarak taldeak ere harreman handia zuen Legorretarekin. Kontzertu asko eman zituzten Legorretan. Gainera, Legorretako talde bezala ere aipatzen zen askotan garai hartako prentsan. Lehenengo argazkietako bat, 1967ko Argia-n topatu nuen, eta Legorretako kontzertua zen. Grabazioren bat ere, bertako Don Juan apaizak gordeta zuen sotano batean, eta Legorretakoa da.
Dokumentalerako grabazioren bat edo beste Herri Antzokian grabatu genuen. Gainera leku berezia ere bada Herri Antzokia, Legorretako zinema garai batean gure aitona Perikok eramaten zuen. Han dagoen proiektore zaharra uste dut aitonak erabiltzen zuela. Legorretara erakusketa txiki bat ere eramango dute: binilo originala, argazki eta dokumentu batzuk…
Nondik sortu da ‘Enarak’ dokumentala egiteko ideia?
Aita Enarak taldeko abeslaria izan zen orain dela 50 urte. Hiru abestiko binilo bat zegoen etxean; nahiko ezkutuan. Horri buruz ez zuen asko kontatzen. Baina kuriositatea beti eduki izan dut, aitaren pasarte hori ezagutzeko. Enarak taldeari buruzko jakin-minez eta aitari buruzko jakin-minez hasi zen proiektua. Aita zein zen ezagutzeko aitzakia bat izan da, aitarekin denbora pasatzeko, eta taldekideak izan zirenak ezagutzeko, ez nituen-eta ezagutzen. Eurek ere harremana etena zuten 50 urte hauetan.
«Aita Enarak taldeko abeslaria izan zen orain dela 50 urte. Hiru abestiko binilo bat zegoen etxean; nahiko ezkutuan. Horri buruz ez zuen asko kontatzen»
Aitak ez zuen kontatzen?
Bai aitak eta bai taldekideek, gauza txiki bezala ikusten zuten. ‘Urte batzuetan talde bat eduki genuen’, eta listo, garrantzi handirik eman gabe. Taldeko argazkiak ere prozesuan zehar topatu ditut edo erakutsi dizkit.
Orain kontzienteago al dira?
Konturatu dira, egindakoak bere alea jarri zuela eta atzera begiratutakoan konturatu dira egindakoa ondo zegoela, txukun egin zutela. Egindakoari garrantzia edo balio gehiago eman diote, batez ere, batekin edo bestearekin egonda, proiekzioetan ikusi dute jendeak entzuten zituela, gogoratzen zituela… Beraiek bezala, beste talde batzuk ere bazeuden. Euskal rockaren genealogia egin nuenean, 1970eko hamarkadatik hasten gara, baina 60koan bazeuden euskal rockaren taldeak. Batzuek grabatu zuten, eta besteek ez. Denbora aurrera joan ahala, historiak eta memoriak lekua egiten dute eta entzutetsuenak pasatzen dira memoria edo historia liburuetara, eta beste guztiak desagertzen dira. Herrigintza txikitasunetik egiten da, ale txikiak jarriz.
Nola osatu duzu dokumentala?
Aita abeslaria izanik, nolabait ikuspegi pertsonal batetik kontatu dut. Lehenengo pertsonan kontatzen dut, hausnarketa pertsonalak uztartuz. Enarak-en historia kontatzen dut baina aldi berean, nik nola ikusten dudan aita, Enarak-eko abeslari bezala. Eta nola noan deskubritzen taldekideak zeintzuk diren eta aita bera zein zen.
Horren material gutxi zegoenez, argazkirik ez dago, grabaziorik ere ez… horrek eraman nau, beste medio batzuen bidez, halako eskulan, collageak eta argazkiak, horrelako gauza fisikoak eta sinbolikoak erabiliz, kontatzea istorio hori. Nahasketa bat da.
Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren betirako. Misterioa argitu duzu?
Gutxi gorabehera. Larraizko akelarre bezala izendatu zen hura, akelarre eskandalagarria 1971n izan zen Larraitzen. Nik uste nuen Ez Dok Amairukoek antolatu zutela. Baina bilaketan konturatu nintzen, Enarak-ekoak, eta konkretuki nire aita ibili zela baimenak eskatzen. Multa ere berari iritsi zitzaion. Nahikoa eskandalagarria izan zela, seguraski, gazte asko elkartu zirenez, prentsa kontserbadorea, eliza, polizia… etorri ziren kontzertu haren kontra egitera hurrengo hilabeteetan zehar. Hura izan zen beraien azken kontzertua. Eta harrezkeroztik, han agur esan eta ez dira gehiago elkar ikusi. Enarak-en historia Larraizko akelarre edo kontzertu famatu harekin nahasten da.
«Larraizkoa izan zen beraien azken kontzertua. Eta harrezkeroztik, han agur esan eta ez dira gehiago elkar ikusi»
Dokumentalean azaltzen da Larraitz?
Bai. Hartaz ez dago inolako materialik. 2023an kontzertu bat egin genuen; 50 urteren ondoren berriz ere kontzertua egin behar zela pentsatu nuen. Amorante, Rüdiger eta Liherrek, Enarak-en binilo original hartan ateratzen ziren hiru abesti horien bertsio bana jo zuten. Grabatu eta binilo bat kaleratu genuen. Han daude jasota, Enarak-en disko zaharreko abesti erremasterizatuak alde batean eta kontzertuan jo ziren beste hiru abestiak bestean. Enarak-ekoek ere bertsioak egiten zituzten nahiko sarri, beraien abestiez gain. Kantu tradizional euskaldunak eguneratzen zituzten eta bertsio modernoak jo.













