Gozatu eztiak hasi du denboraldia
Jon Etxeberria gaur hasi da udako lanaren osteko emaitza saltzen. Hilerrira eramateko loreen eskaintzak ere arreta deitu du gaurko ferian.
Ordizia Txapeldun gazta txapelketak erakarrita, ohi baino jende gehiago ikusi da gaur goizean Azokan, baina gertakari horrek ez dio protagonismorik kendu betiko feriari. Asteazkeneroko saltzaileek beti bezala konplitu dute, eta garaian garaiko produktuz beteriko postuetan berritasunak aurkezteko tartea ere hartu dute.
Eztia eta loreak izan dira eguneko protagonista nagusiak Plaza Nagusian, eta Zuhaiztian, laranjak, horiek ere hasi dutelako denboraldi berria,
Gozatu eztia
Eztia Jon Etxeberriarena zen, Gozatu markakoa. Salmenta denboraldia hasi du ataundarrak, eta ezti mota desberdinez bete du okasiorako bere postua. Erromero eta ezkai eztia, Nafarroako udako eztia, Ataungo basoko milalore eztia eta ezti ekologikoa ditu oraingoz, kiloa 15 euroan. Pote txikiagoak ere saltzen ditu, eta horien prezioa proportzioan doa. Bestetik, propolia ere badu dagoeneko, 30 ml.ko ontzitxoa 10 euroan.
Etxeberriak hasi besterik ez du egin gaur salmenta garaia, eta lehen egun honetan erosle ugari hurbildu zaizkio. Asteak aurrera joan ahala, ezti mota gehiago jarriko ditu salgai, baita erlearekin zerikusia duten beste produktu batzuk ere.
Etxeberriaren postuan jende asko ibili da gaur, erostera hurbildutakoekin batera, eztia probatzera joandakoak ere izan dituelako inguruan. Horietako batzuk Basque Culinary Centerretik D’Elikatuz zentroko gidariekin azoka bisitatzera joandakoak ziren, atzerritarrak gehienak.
Ez da sukaldaritza ikasle horiena gaur azokan izandako bisita gidatu bakarra, Alegiko eskolako gaztetxoak ere izan direlako. Ohi bezala, postuz postu ibili dira galderak egiten eta gero elikadurarekin zerikusi duen lanketa egiteko erosketa txikiak egiten.
Gaztetxoek bisitatu duten postuetako bat Sustrai Askeak elkartekoa da, eta bertan, jatorri asiarra duen pak choi aza erakutsi die Natalia Magallanesek. Aza mota hori iritsi berria da azokara, eta 1,5 euroan du salgai.
Hilerrirako loreak
Eguneko beste berritasuna loreen atalak eman zuen. Azaroaren 1a hurbiltzen ari da, eta Iñaki Azanza hasi da hilerrira eramateko loreen kanpainarekin. Gaur enkarguak jasotzen jardun du, eta horretarako hainbat zentro jarri ditu ikusgai, denak lore biziekin osatuta. Gaurko zentroak ziklamen, koniferak, txilar, azalea eta intsektu belarraz osatuta zituen, eta 38 eta 52 euro arteko prezioak zituzten. Baina bezeroek nahi dutenekin osatzeko gertu dago, eta prezioa ere horren araberakoa izango da.
Krisantemoekin egindako zentroak ere baditu aukeran, 25 eta 38 euro artean, baita landare solteak ere, lore txikiko krisantemoak (6,5 euro) edo arrosa txikiak (8,5 euro) bezala.
Baina Azanzak hilerrirako soilik ez, bestelako loreak ere baditu, eta gaur bi berri jarri ditu salgai: antirrhinum-a edo kukupraka, eta oroilorea edo myosotis-a (1,5 euroan bakoitza).
Bertako perretxiko gutxi
Mikologiaren atalean, bestalde, bertako perretxikoen eskasia izan da gaur albiste, euririk ez duelako egin aspaldi. Ez dago asko ez hemen, ez kanpoan.
Hala ere, ferian izan da zer erosi Lasak, Barcinak eta Arantxa Lopetegik eramanda: 10 kilo onddo (22-38 euro), 42 kilo ziza hori (24-28 euro), 26 kilo mendiko angula (18.28 euro), 5 kilo saltsa perretxiko beltz (26 euro) eta 8 kilo gibelurdin (30 euro).
Laranja berriak
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetan, azkenik, zitrikoak izan dira gaur albiste, Valentziako laranja berriak iritsi direlako azkenik. Kiloa 2,25 eta 2,95 euro artean dago.
Laranjarekin batera klementina motako mandarina ere iritsi da herrialde berberetik. Honen kiloa 2,25 eta 4,95 euro artean dago

















