Larrosain gune sozialista irekiko dute ostiralean Legazpin
Saturnino Telleriako autobus geltokiaren ondoan dago. "Kutsu politikoko, kulturaleko eta sozialeko proiektu desberdinak" landuko dituzte bertan.
Kontseilu Sozialistak egoitza berria izango du Goierrin, Legazpin irekiko duten Larrosain Gune Sozialistarekin. Gune berria hau ostiralean irekiko dute, 18:30ean, Saturnino Telleriako biribilgunean, autobus geltokiaren pare-parean.
Larrosain “antolakuntza independentez gidatutako gune bat izango da”, eta “kutsu politikoko, kulturaleko eta sozialeko proiektu desberdinak” jarriko dituzte martxan bertan. Besteak beste, “oinarrizko produktuen biltegia” kokatuko dute bertan, eta doako klase partikularrak emango dituzte.
Ostiralean irekiko dute gune berri hau 18:30ean, eta 19:00etan, Intsumisioaren aldeko borroka Legazpin izeneko erakusketa ireki eta solasaldia egingo dute gai berberaren inguruan. Amaieran, luntxa eskainiko diete hurbildutako guztiei, eta ondoren, Palestinar herriari kantuan kantaldia egongo dute.
Larunbatean, urriak 25, Kontseilu Sozialistako kideek oinarrizko produktu bilketa egingo dute 10:00etatik 13:00etara Kale Nagusian eta Laubide oinezko gunean.













