Akordioa Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuan
Langileen aldarrikapenak jasotzen dituen hitzarmena sinatu dela iragarri du ELA sindikatuak.
Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko Matia Goxara enpresako 35 langileek akordioa lortu dute gaur goizean, ELA sindikatuak antolatutako mobilizazio ugarien eta sei eguneko greba-aurreabisuen ostean. Akordioa PRECOn sinatu dute, eta ELAk adierazi duenez, hitzarmenak langileen eskaerak jasotzen ditu eta lan-baldintzak nabarmen hobetzen ditu.
2026-2028 aldirako hitzarmenak hainbat hobekuntza garrantzitsu jasotzen ditu: etxe batetik besterako desplazamendua benetako lan-denboratzat hartuko da; soldatak %14 igoko dira, KPIaren bermearekin; 2025eko atzerapenak jasoko dituzte langileek; eta hobekuntzak izango dira ordaindutako lizentzietan.
ELA sindikatuak balorazio oso positiboa egin du akordioaren inguruan eta nabarmendu du berriro ere mobilizazio eta greben garrantzia, ezinbesteko zerbitzu pribatizatu bat duintzeko. “Beasaingo langileek erakutsi dute antolakuntza eta borrokaren bidez lor daitekeela lan-baldintzak hobetzea eta etxez etxeko zerbitzua merezi duen errespetuz tratatzea”, adierazi dute sindikatutik.













