Ardikiaren festa Zaldibian
Mondeju zuriaren 30. lehiaketa eta Aralarko gaztaren 27. lehiaketa jokatuko dira igandean. Saltarri harriarekin antolatu duten erronka izango da aurtengo berritasuna.
Mondeju zuria da Zaldibiako Ardiki Egunaren osagai nagusiena.Maider Insausti Zaldibiak mondejua berezko ikurra du, herriko gastronomia ondarearen parte baita aspaldiko garaietatik. Ohitura zaharra izan da herriko jaietan mondeju-pintxoak herritarrei ematea. Ondareari aitortza gisa, 1994ko azaroaren 27an mondejuari eskainitako aurreneko eguna antolatu zen. Ekimen haren bidez, herriaren identitatean sakon errotuta dagoen produktu bat balioan jarri nahi izan zen, belaunaldiz belaunaldi transmititzea helburu hartuta. Ordutik, urteroko hitzordu bilakatu da.
Artzaintzari gorazarre
Mondejua Ardiki Eguneko protagonista nagusietako bat izan da haren sorreratik, baina hala eta guztiz ere, Ardiki Eguna, izatez, artzaintzari eskainitako eguna da, haren ofizioa osorik erakustea helburu izan duena. Horregatik egin izan da, mondeju txapelketaz gain, Aralarko gazta-txapelketa egun horren hastapenetik. Biek ala biek sekulako arrakasta izaten dute urtero, eta jende andana batzea lortzen dute. Artzain jokoak ere egin izan dira urteetan zehar.
Bide luzea izanagatik ere, iritsi da Ardiki Egunaren 30. festa handia, eta igandean ospatuko da ardikiaren inguruan urriko azken igandean egitea errotu den Ardiki egunaren azoka eta festa. Iaz berritu zuten antolakuntza taldea eta 30 urtez lanean aritu den kofradiak erreleboa eman zuen; txanda eske ibili ziren aspaldian, eta eskakizunari erantzunda, hamabost-bat zaldibiar gazte arrimatu ziren antolakuntzara.
Hala eta guztiz ere, ohiko osagaiekin ekarri dute ekitaldia bueltan: artisautza erakusketa eta azoka, ganadu erakusketa, Mondeju Lehiaketa, Aralarko Gazta Lehiaketa, bertsolariak, bazkaria eta erromeria. Egun osoko festa giroa bermatuta izango dute zaldibiarrek igandean. Baserritarrez jantzita joateko deia ere egin dute antolatzaileek.
Oraingoz, 19 mondejugile
30. Zaldibiako Mondejuaren Lehiaketarekin batera, 27. Aralarko Gaztaren Lehiaketa ere jokatuko da. Ohiko baldintzak dituzte mondejugileek. Parte hartzea irekia izango da, baina izena eman beharko dute aurrez –gaur da azken eguna, 650 354 379 zenbakian– , eta igandean 10:00etarako etxean norberak egindako bost kana mondeju eramango dituzte plazara. Uxue Garmendia antolakuntzako kideak azaldu du momentuz hemeretzi mondeju aurkeztu direla lehiaketara. Iaz, 24 izan ziren.
Hiru sari emango dituzte: 300 euro eta txapela irabazleari, 200 euro bigarrenari eta 100 euro hirugarren sailkatuari. Gainontzeko parte hartzaileek ere hogeita bosna euro jasoko dituzte. Epaimahaia sukaldariek eta gastronomo adituek osatuko dute, eta besteak beste, mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko dituzte irizpidetzat.
Iaz baino gazta bat gehiago
27. Aralarko Gazta Lehiaketan, berriz, Aralarko hemezortzi artzainek hartuko dute parte aurtengo edizioan, iazkoan baina artzain bat gehiagok. Horrez gain, artisautza erakusketa, artisau produktuen azoka eta ganadu lasterketa ere izango dira, eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolari handien doinuek girotuko dute goiz-eguerdia. Mondejua dastatzeko aukera ere izango da, noski, plazan.

Saltarri, herri kirol berreskuratua
Artzainen antzinako jolasetako bat berreskuratuko dute igandean: Saltarri erronka. Alotzako zabalunean, pilotalekuaren inguruan, Saltarri izeneko zutarria dago lurrean etzanda. Artzainen jokoari zor dio izena eta haren kokagune eta materialaren kalitatea kontuan harturik, inguru hartan dagoen bakarra da: forma zehatza izateaz gain, luzeran 3,25 metro neurtzen ditu. 1990. hamarkadan hainbatetan egin izan den erronka da Zaldibian; gaur egun eskola ondoko parkina kokatzen den lekuan egin zen, esaterako, 1999an. Ordutik, baina, ez da berriro egin eta aurtengoan berreskuratuko dute, Artxanberri kalean egingo den erronkarekin.
Garai batean, artzainek, zutarri hau luzeran nork jauzi apustu egiten zuten euren artean, eta antzeko zerbait egingo dute igandean. Parte-hartzaileek harria luzetara hartu, mutur batean hanka bilduan jarri, belaunak okertu eta abiadurarik hartu gabe egin beharko dute salto, eta luzeran distantzia handiena egitea lortzen duena izango da probako garailea. Animatzeko deia egin du Garmendiak, eta adierazi du Saltarri harriaren erreplika bat ere izango dela bertan, baita haren inguruko informazioa ikusgai ere. Izen ematea momentuan egingo da.













