Ez da ganadurik izango Ardiki Egunean
Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazitako neurri berriaren harira, ganadu erakusketarik ez egitea erabaki du Ardiki Eguneko antolakuntzak.
Ardilatxa mutur gorria, iazko Ardiki Egunean. Zaldibiako Udala Behien artean hedatzen ari den dermatosi nodular gaitz kutsakorra (DNC) gehiago ez hedatzeko prebentzio neurri gisa, abeltzaintza azokak debekatzea erabaki dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiek. Horren ondorioz, igandean ospatuko den Zaldibiako Ardiki Egunean ere ez da ganadurik egongo plazan, eta, beraz, bertako euskal arraza ezagunak –ardilatxa mutur gorria eta mutur beltza, ahuntz azpigorriak eta pottokak– ez dira ikusiko aurten. Goierrin eragina izango duen aurreneko azoka da, baina datorren asterako iragarrita dagoen Segurako Txerri azoka ere neurriaren eraginpean izango da ziurrenik.
Atzo iragarri zuten printzipioz azaroaren 30era arte indarrean izango den neurri berria, eta gaur goizera arte zaldibiarrak “zain” egon direla jakinarazi du Uxue Garmendia antolakuntzako kideak: “Diputazioarekin hitz egin dugu, eta ardiak ekartzen utzi badigute ere, igandean ganadu erakusketarik ez egitea erabaki dugu; artzainek ardiak desinfektatzeaz gain, baldintza asko bete behar dituzte. Ahuntzak eta pottokak, berriz, ez dizkigute utzi”. Gainontzeko jarduerak mantenduko dira.
Neurriak lurralde osoko abeltzaintzako azokak eta lehiaketak etengo ditu. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, helburua da abereen artean hedatzen ari den “gaixotasun birikoa kontrolatzea”, eta Euskal Herriko “ustiategien osasuna eta biosegurtasuna bermatzea”. Ikusi egin beharko da ea neurria luzatzen den.













