«Liburuaren gai nagusia gizartean dagoen 'edertasunaren diktadura' da»
Sare sozialetan erakusten denaren eta horrek gainontzekoengan duen eraginaren inguruko hausnarketa egin du Amaia Telleria idazle idiazabaldarrak ‘Aurpegiak’ bere azken eleberrian.
Amaia Telleria idazlea, Idiazabalen, artxiboko argazki batean. Laida Goiburu Amaia Telleriak (Idiazabal, 1993) nerabeei zuzendutako Aurpegiak eleberria argitaratu berri du, Alberdania argitaletxearekin. Sare sozialek sortzen dituzten kanon eta espektatibei kritika egin nahi izan die azken lan honetan. Azken urteetan, gazteentzako literatura eta orokorrean, euskarazko sorkuntza «oso emankorra» izaten ari dela uste du. Dagoeneko, beste proiekturen bat hasita duela dio, baina gustuagatik idatzi nahi duela aitortu du, ez behartuta: «Ideiak baditut baina lasai hartu nahi dut, presiorik gabe. Denbora, gogoa, inspirazioa ditudanean poliki poliki arituz».
Aurpegiak nerabeentzako nobela argitaratu berri duzu. Zertaz hitz egiten duzu bertan?
Hainbat gai atera nahi izan ditut; baina ildo nagusia gizartean dagoen edertasunaren diktadurari buruzkoa da.
Edertasunaren diktadura?
Presio estetikoa, itxura zaintzeko derrigortasun hori, kanon batzuen barruan sartzeko gizarteak eragiten digun presio hortaz ari naiz edertasunaren diktadura aipatzen dudanean. Horri tiraka beste gai batzuk ere landu ditut: sare sozialetako iragazkiak, erakusten dugun aurpegia, horrek buru osasunean daukan eragina eta beste hainbat.
Aukeratutako gaiak gaurkotasun handikoak dira.
Bai, kezka batetik abiatu zen proiektua. Ikusten nuen pil-pilean dauden gaiak direla, egunero bizi ditugula eta eragiten digutela; eta gutxienez horri buruz hitz egitea garrantzitsua dela iruditzen zait, nahiz eta erantzun perfekturik ez den egongo, gutxienez jabetu eta horietaz hitz egitea beharrezkoa da.
Nondik hartzen dituzu zure eleberriak sortzeko ideiak?
Izan daiteke egoera batetik, bizipen batetik, ikusitako zerbaitetik… kasu honetan bereziki, sare sozialetatik. Bertan denbora pasata ikusten nuen zein aurpegi erakusten dugun, zein alderdi ikusarazten duen jendeak, euren bizimoduaz etab. Eta gero horrek nola eragiten digun. Zorionez, gero eta gehiago ikusten ditut sare sozialetan body positive mugimendu horiek, hasiera batean gailendu zen beti itxura politena erakusteko joera horri kontra egiten diotenak. Hortaz hitz egiteko behar horretatik abiatu zen eleberria.
«Buruan nuen ideia hori muturrera eraman nahi izan dut ‘Aurpegiak’ liburuan»
Gai mardulak dira eta horiek lantzeko asmatutako unibertso bat sortu duzu.
Nik buruan nuen ideia hori muturrera eraman nahi izan dut. Gizarte isolatu bat irudikatu nuen eta ikusi izan ditudan gune batzuetan inspiratuta bururatu zitzaidan auzune pribatu baten diseinua egitea. Teknologia enpresen baitako auzune pribatu bat diseinatu nuen, zeinetan bertako langileak eta euren familiak biziko ziren oso modu zorrotzean eta itxian, arauen baitako gizarte batean. Era berean, aukera eman zidan elkar eragin handiko komunitate bat sortzekoa, baina era berean kanpoko mundutik nahikoa isolatua zegoena. Izkiberri izeneko unibertso honen sorrerak lagundu dit muturrera eramaten aurrez aipatutako ideia nagusiak.
Lili protagonista kontraesanez betetako pertsonaia bat da.
Gizakia da azken finean eta ondorioz, baditu bere baloreak, bere usteak; baina berari ere gustatzen zaio, gainontzeko gehienoi bezala, kanonen barruan sartzea, normatiboa izatea, gainontzekoen onarpena izatea… Zalantzak eta kontraesanak edo mugak non dauden ez jakite hori askotan agertuko zaizkio.
Nerabeentzako eleberria da, baina haur eta helduentzako ere aproposa dela aipatu duzu.
Lantzen ditudan gaiak guztioi eragiten diguten gaiak dira. Gaur egun, sare sozialen erabilera helduengan ere oso zabalduta dago eta hortik haratago gizarteak ezarritako kanon horietan sartzearena guztioi eragiten digun zerbait da, ez bakarrik nerabeei. Horregatik gai hau guztiontzako da interesgarria. Egia da, hala ere, Alberdaniaren Erria txikota! bilduma 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoela eta hortaz, protagonisten adina edo erabilitako idazkera adin horretako gaztetxoentzat doituta daude.













