Loinatz Abesbatzak bi sari irabazi ditu Burgosen eta 40. urteurrenerako prestatzen ari da
Burgosko Antonio Jose abesbatzen lehiaketan publikoaren eta bigarren sari nagusia eskuratu dute, 2026 urteko final handirako txartela lortuz. Datorren urtean 40. urteurrena dute eta modu berezian ospatuko dute.
Loinatz abesbatza Burgoseko Jose Antonioren omenezko lehiaketan.Loinatz abesbatza Beasaingo Loinatz Abesbatzak lorpen handia eskuratu du Burgosen ospatutako Antonio Joseren omenezko abesbatza lehiaketan: taldeak bigarren saria eta publikoaren saria irabazi ditu. Lehiaketa hori da Espainiako abesbatzen zirkuituko ekitaldi entzutetsuenetakoa, eta, sari horiei esker, Loinatzek 2026 urteko Kantu Koraleko Sari Nazional Nagusirako sailkapena ere lortu du.
Abesbatzaren zuzendaria, Aitor Garitano, pozik agertu da egindako lanarekin. “Sari hauek egindako lanaren fruitua dira. Talde lana izugarria izan da, eta horrek ekarri du errekonozimendua. Talde giroa bikaina da eta horrek asko laguntzen du”, azaldu du Garitanok.
Itzulera arrakastatsua
Loinatz abesbatzak azken aldiz parte hartu zuen lehiaketa berean 2007an, Xabier Sarasola zuzendari zela, eta orduan ere lehen saria eskuratu zuten. Bi hamarkada geroago, Garitanoren zuzendaritzapean, taldeak indarberrituta egin du itzulera.
2023an hartu zuen zuzendaritza Aitor Garitanok, eta bere esanetan, “taldean potentzial handia” ikusi zuen hasieratik. “Abesbatza berritu egin da, jende gazte asko sartu da, eta guztiok ilusioz hartu dugu erronka hau”, gaineratu du.
Lehiaketan hiru lan interpretatu zituzten: Romance de Rosa fresca (Antonio Jose konpositorearena), Dibujo en el agua (Alejandro Yague), eta Gaur akelarre (Josu Alberdi). Azken piezan koreografia eta antzezpen lan txiki bat ere egin zuten, “kantuaren esanahia publikoarengana gehiago heltzeko”, eta, zuzendariaren ustez, horrek lagundu zuen publikoaren saria jasotzen.
40 urte abestuz
Burgoseko arrakasta ez da abesbatzaren azken geltokia izango. Loinatzek 2026an parte hartuko du irabazleen arteko txapelketan, eta aldi berean 40. urteurrena ospatuko du.
Garitanok aurreratu duenez, urte berezia izango da: “Hiru ekitaldi nagusi prestatzen ari gara: urteurreneko disko berria, kontzertu sinfoniko-korala Mozarten errepertorioarekin Andre Maria Zeruratuaren elizan, eta herriko beste eragileekin elkarlanean egingo dugun kontzertu berezia”.
Loinatz Abesbatzak, beraz, lorpen historiko bat lortu du eta etorkizun oparoa du aurrean, musikaren eta talde-lanaren indarraz Beasaingo kultura bizirik mantenduz.

Loinatz abesbatzako kideak Burgosen.













