Palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeko deia
Beasaingo Zubimusu plazan izango da, 19:00etan. Aurretik, 18:30ean, bilera irekia egingo dute. Parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Palestinako bandera.Ariane Vierbücher Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak asteleheneroko elkarretaratzeekin jarraitzen du, “inoiz baino garrantzitsuago eta beharrezkoagoak” direla azpimarratuz. Zubimusu plazan elkartzen dira 19:00etan, eta aurretik, 18:30ean, hausnarketa egiteko eta hurrengo elkarretaratzeak nola elikatu erabakitzeko bilera egiten dute udaletxean. Bilera horiek irekita daude herritar guztientzat.
Azken asteetan, ekimenak elkarretaratzeei amaiera sortzailea ematea erabaki du: duela bi aste, Ekaitz Goikoetxeak Wafa kantuaren moldaketa bat eskaini zuen; aurreko astelehenean, berriz, Monica Calvillok Irati Goikoetxearen olerkia irakurri zuen. Datorren astelehenean ere herritar baten ekarpena izango da.
Orain arteko mobilizazioak “jendetsuak eta hunkigarriak” izan direla nabarmendu dute Beasain Palestinarekin Herri Ekimenetik, eta herritar eta goierritar guztiak gonbidatzen ditu astelehenero palestinar herriari elkartasuna adieraztera eta elkartasun sare hau indartzen jarraitzera.













