‘Detaile xume bat’ irakurle taldearen tertulian
Aitor Blanco 'Detaile xume bat' eleberriaren itzultzailea.Gorka Rubio / FOKU Segurako irakurle taldearen literatur tertulia izango da azaroaren 4an, 19:00etan liburutegian. Aitor Blanco Leozek euskarara itzulitako Adania Shibli (Palestina, 1974) idazlearen Detaile xume bat eleberria izango dute hizketagai.
1948an piztu zen israeldarren eta palestinarren arteko gerran oinarrituta dago eleberria. Ordu hartan, zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Hondamendi horri deitzen zaio Nakba edo palestinar exodoa. Handik urtebete pasatxora, 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua izan zen. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egingo du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila.
Blanco Leoz itzultzailea Segurako tertulian izango da.













