Egutegiko argazki lehiaketan parte hartzeko azken egunak
Azaroaren 4ra arte jasoko dituzte argazkiak Segurako udaletxean. Sari banaketa ekitaldia abenduan izango da. Diru sariaz gain, irabazleek GOIBERRI eta GOIERRIKO HITZAren urte osoko harpidetza jasoko dute opari.
2026ko egutegia osatzeko 18. argazki lehiaketa azken egunetan da. Azaroaren 4ra arte jasoko dituzte udaletxean argazkiak. Seguran erroldatuta dagoen edonork eta Segurako edozein elkarte edo taldek parte hartu ahal izango du lehiaketan.
Aurkeztuko diren argazkiak Seguran ateratakoak izan beharko dute; hori ziurtatzeko herria bera edo herriko eremu edo elementuren bat agertu beharko da irudian. Argazkiak originalak eta inon argitaratu gabeak izan beharko dute eta gutxienez, 300 pixeleko erresoluzioa izan beharko dute.
Sari banaketa, abenduan
Egile bakoitzak gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta behin lehiaketara aurkeztuta, argazkiak udalaren jabetzakoak izatera pasatuko dira. Argazkiak udaletxean bertan aurkeztu beharko dira azaroaren 4ra —astelehena— bitartean, emailez kultura@segura.eus helbidean, argazkien izenburuak, egilearen izen-abizenak, eta harremanetarako telefonoa eta helbidea zehaztuz.
Azaroaren 18an, argazki aukeratuen zerrenda publikatuko dute Segurako Udalaren atarian. Sari banaketa abenduaren 12an izango da, 19:00etan Botikaxaharren, 19. Euskal liburu eta diskoen azokan. Irabazleari 250 euroko saria emango zaio eta bigarrenari 100 eurokoa, baita, GOIBERRI eta GOIERRIKO HITZAren urte osoko harpidetza ere.













