Esteban Lasa kaleko errepideko asfaltatze lanak hastear
Beasaingo Udalak iragarri duenez ostiralean hasiko dira lanak.
Esteban Lasa kalea gaur eguerdian.Ariane Vierbücher Beasaingo San Inazio eta Esteban Lasa kaleen arteko berrurbanizazio lanak azken txanpan sartu dira, eta asfaltatze lanak ostiralean hasiko direla iragarri du Udalak. Asteazkenean amaituko dira bigarren asfalto-geruza botatzearekin. Ondoren, eguraldiaren arabera, inprimaketa eta pintaketa lanak burutuko dira.
Lehen egunean, Telefonikako aldapatik hasita botako da lehen asfalto-geruza. Goizeko 9:30ean Igartetxe eta Esteban Lasa arteko bidegurutzea asfaltatuko da lehentasunez, eta une horretan Gipuzkoa plazatik Esteban Lasara igotzeko sarbidea itxita egongo da. Lan hori amaitutakoan, asfaltatzeak gorantz jarraituko du, eta trafikoa Igartetxetik bideratuko da.
San Inazio kalera iristeko, Andre Mari kalea beheko noranzkoan irekiko da behin-behinean, eta asfaltatzea puntu horretara iristean, trafikoa berriro Esteban Lasa kaletik bideratuko da.
Azkenik, asteartean eta asteazkenean bigarren asfalto-geruza jarriko da, prozedura bera jarraituz. Udalak herritarren ulermena eta pazientzia eskertu ditu obrek irauten duten bitartean, eta gogorarazi du lan hauek kaleen egoera eta irisgarritasuna hobetzea dutela helburu.













