Goierrin 30.664 etxebizitza daude egoitzarako lurzoruan, eta 2.598 landa eremuan
33.262 etxebizitza daude Goierrin egun, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren datuen arabera. Egoitzarako lurzoruan 5.300 etxebizitza berri aurreikusten dira plangintzetan.
Lazkaoko ikuspegia, hilerri ingurutik ateratako argazkian. Laida Goiburu Etxebizitzak eraikitzerako orduan, plangintzatik eta lurzorutik hastea ezinbestekoa da. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, udalerri bakoitzak indarrean duen plangintza orokorrean ezartzen da lurzoru bakoitzak ze kalifikazio duen, eta horren arabera egokitzen da hiri edo herriaren diseinua eta haren hazkundea. Lau eremutan banatzen da zentzu horretan lurzoruaren kalifikazioa: bizitegi/egoitzarako lurzorua, plangintzak erabateko bizitegi erabilera eman dion lurzorua; ekonomia jardueretarako lurzorua; sistema orokorrekin okupatutako lurzorua; eta lurzoru urbanizaezina.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren 2024ko datuetan oinarrituta (azkeneko datuak, aurtengo urtarrilean eguneratuak), soilik –Enirio Aralarko Mankomunitateko, Partzuergo Orokorreko eta Gipuzkoako Partzuergo Txikiko lurzorua kontuan hartu gabe– Goierriko 22 udalerrien datuak kontuan izanda eta horiek batuta, 35.974,88 hektarea ditu Goierrik, eta horietatik 527,82 hektarea dira egoitzarako lurzorua (436,32 egoitzarako hiru-lurzoru finkatua, 34,13 egoitzarako finkatu gabeko hiri-lurzorua eta 57,51 egoitzarako lurzoru urbanizagarria); 34.060,43 hektarea, aldiz, lurzoru urbanizaezina dira, landa eremua, babes berezikoa, ingurumenaren hobekuntzara bideratutakoa, basogintzara bideratutakoa edo nekazaritza eta abeltzaintzarako, besteak beste; 558,63 hektarea ekonomia jardueretarako lurzorua da; eta 828 hektarea sistema orokorrentzat.
35.974,88 hektareatatik, 34.060,43 lurzoru urbanizaezina da
33.262 etxebizitza daude Goierrin egun, egoitzarako lurzoruan eta landa gunean zein lurzoru urbanizaezinean sakabanatutakoak zenbatuta; egoitzarako lurzoruan 30.664 eta landa guneetan 2.598. Egoitzarako lurzoruan, beste 5.300 etxebizitza aurreikusten dira udalerrien HAPO Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorretan, 35.944 guztira, eta beste hemezortzi etxebizitza landa gunean zein eremu urbanizaezinean, 2.616 guztira.
Gauzatzeke daudenak
Aurreikusita dauden egoitzarako lurzoruko 5.300 etxebizitza berrietan, 3.446 libreak dira eta 1.854 BPE Babes Publikoko Etxebizitzak.
Badaude landa eremuan edo gainontzeko lur urbanizaezinean eta egoitzarako lurzoruan dauden etxebizitza kopuruen artean alde handia duten herriak, eta beste batzuek kopuru orekatuagoa dute. Ezkio-Itsason, Gabirian, Gaintzan, Mutiloan eta Zerainen, urbanizaezinak diren eremuan edo landa eremuan egoitzarako lurzoruan baino etxebizitza gehiago daude. Gainontzeko hamazazpi herrietan, etxebizitza gehiago daude egoitzarako lurzoruetan, alderik nabarmenena populazio altueneko herrietan izanik; Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Urretxun eta Zumarragan.
Hauek dira datuak: Altzagan, 41 etxebizitza daude egoitzarako lurzoruan (eta beste zortzi libre aurreikusten dira) eta 26 landa eremuan; Araman, 52 (beste 26 libre aurreikusita) eta 32 daude hurrenez hurren; Ataunen, 597 (beste 203 libre aurreikusita) eta 268 (beste hamalau aurreikusita); Beasainen, 6.228 (beste 702 libre eta 409 BPE aurreikusita) eta 179; Ezkio-Itsason, 159 (beste 54 libre eta 6 BPE aurreikusita) eta 178; Gabirian, 106 (beste 41 libre aurreikusita) eta 144 (beste lau aurreikusita); Gaintzan, 28 eta 58; Idiazabalen, 767 (beste 159 libre eta 180 BPE aurreikusita) eta 275; Itsasondon, 344 (beste 105 libre eta 36 BPE aurreikusita) eta 50; Lazkaon, 2.558 (beste 327 libre eta 130 BPE aurreikusita) eta 71; Legazpin, 3.844 (beste 473 libre eta 485 BPE aurreikusita) eta 128; Legorretan, 585 (beste 144 libre eta 38 BPE aurreikusita) eta 66; Mutiloan, 70 eta 71; Olaberrian, 538 (beste 55 aurreikusita) eta 96; Ordizian, 4.768 (beste 99 libre eta 66 BPE aurreikusita) eta 52; Ormaiztegin, 511 (beste 118 libre eta 136 BPE aurreikusita) eta 72; Seguran, 642 (beste hamar libre eta 32 BPE aurreikusita) eta 123; Urretxun, 2.814 (beste 309 libre eta 121 BPE aurreikusita) eta 76; Zaldibian, 614 (beste 154 libre aurreikusita) eta 239; Zegaman, 644 (beste hamabost libre eta 124 BPE aurreikusita) eta 201; Zerainen, 65 (beste 31 libre aurreikusita) eta 86; eta Zumarragan, 4.669 (beste 413 libre eta 91 BPE aurreikusita) eta 107.
Etxebizitza hektareako
Jaurlaritzak, Hiri Agenda eta Lurralde Plangintza Sailaren bidez, lurralde-eredua, biztanleriaren dentsitatea, hiri eredua, bizitegi garapena eta etxebizitza-dentsitatea neurtzen eta erakusten ditu euskadi.eus webgunean, Udalplanen datuetan oinarrituta. Horren arabera, Goierriko lurzoruaren kalifikazio maila %3,79koa da, erabilgarri dagoen lurzoru guztiari dagokionez; bizitegi lurzorua %1,23 da, jarduera ekonomikoena %1,3, eta sistema orokorrena %1,26. Bost mailatan banatzen da kalifikazioa, arinagotik bortzitzagora; Goierri bigarren mailan legoke.
Bost herritan daude etxebizitza gehiago urbanizaezinak diren eremuan
Dentsitateari dagokionez, batez beste 162 biztanle daude kilometro karratu bakoitzeko. Hiri dentsitateari dagokionez, halere, 4.289,93 biztanlekoa da dentsitatea kilometro karratuko. Etxebizitza berrien areagotzea %17,3koa da; lurzoru urbanizagarriaren proportzioa kalkulatzen du horrek hiri-lurzoruarekiko. Etxebizitza dentsitateari dagokionez, 64,59 etxebizitza kontabilizatzen dira hektarea bakoitzeko egoitzarako lurzoruan. Konparaketarako: Tolosaldean 57,46 etxebizitza hektareako, Urola Kostan 72,20 etxebizitza hektareako eta Debabarrenan 117,25 etxebizitza hektareako.
Ehunekoetan
Lurralde Plangintzaren eta Udalplanen azken datuetan oinarrituta, Goierrin 33.262 etxebizitza daudela kontuan izanda, %92,2 egoitzarako lurzoruan daude (30.664), eta %7,8 landa guneetan eta eremu urbanizaezinean (2.598).














