Lazkaoko Udalak kezka agertu du espazio publikoaren “erabilera desegokiaren” aurrean
Herritarren kexa ugari jaso direla ziurtatu du: zarata handia egitea, musika bolumen altuan jartzea, grafitiak egitea edota arrautzak, frutak eta harriak inguruko etxebizitzetara botatzea.
Lazkaoko Udalak sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez kezka agertu du azken asteetan udalerriko parke eta espazio publiko batzuen erabileran atzemandako “jarrera desegokiarekin”.
Azaldu duenez, bereziki asteburu eta jaiegunetako arratsalde zein gauetan, auzotarren kexa ugari jaso dira, “gazte batzuen portaera desegokiengatik”: zarata handia egitea, musika bolumen altuan jartzea, grafitiak egitea edota arrautzak, frutak eta harriak inguruko etxebizitzetara botatzea. Gainera, bizilagun batzuk egoera horiek lasaitzen saiatu izan direnean, “mespretxuzko erantzunak eta errespetu faltak” jaso dituztela adierazi dute.
Egoera honen aurrean, udala herritar guztien ongizatearekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoan berretsi da: “Espazio publikoak elkartzeko eta gozatzeko guneak izan behar dute, elkarrekiko errespetua oinarri dutela betiere. Horrenbestez, herritarrei deia egiten zaie elkarrekin Lazkao herri atsegin, seguru eta elkarrenganako errespetuan oinarritua eraikitzen laguntzeko.”













