Osasun teknikarien grebak Goierriko osasun zentroetan ere eragina izan du
Gaur goizean odol-analisiak egiteko txanda zutenek ezin izan dute probarik egin eta hurrengo egunetan ere ezingo dituzte egin, osasun teknikarien lanuztea gaurko, biharko, azaroaren 3rako eta 4rako baitago deituta.
Legazpiko osasun zentroan, odol-analisirik ez zela egingo komunikatu duten unea.Ariane Vierbücher Gaur goizean, Goierriko Osakidetzako osasun zentro batera odol-analisiak egitera hurbildu diren herritar askok ustekabean egin dute topo lanuztearekin. Osakidetzako eta Estatuko osasun-sistemako Goi Mailako Osasun Teknikarien kolektiboaren deialdiari jarraiki, greba egin dute euren lan baldintzen eta aitortza profesionalaren alde.
Greba hau ez da egun bakarrekoa izango . Osasun teknikarien kolektiboak lau eguneko lanuztea iragarri du -urriak 30, 31 eta azaroak 3 eta 4-, euren eskaerei erantzunik ez dietelako eman Osasun Ministerioaren aldetik. Kolektiboak gogorarazi duenez, “hamarkada bat baino gehiago daramagu egoera bidegabea pairatzen, nahiz eta hainbat neurri legeak jasota izan arren praktikan aplikatu ez direlako”.
Era berean, osasun teknikarien kolektiboak eskatzen du, haien tituluak Europako araudira homologatzeko eta unibertsitateko gradu propio baten sorrera, gainontzeko herrialdeetan bezala. “Gure lanaren erantzukizuna eta eragina handia da, baina prestakuntzak eta aitortzak ez dute hori islatzen”, diote.
Teknikari hauek ezinbestekoak dira osasun-sisteman: erradiografiak, erresonantziak, mamografiak eta beste irudizko proba batzuk egiten dituzte, baita biopsiak prestatu edo minbiziaren aurkako tratamenduetan lagundu ere, besteak beste. Grebak beraz, eragina izan dezake datozen egunetan aurreikusi dauden probetan eta analisietan.
Kolektiboak, mobilizazioak iragarri ditu hiriburuetan: urriaren 31an, Gasteizen Eusko Jaurlaritzan elkarretaratzea egingo dute; azaroaren 3an, Madrilen manifestazioa egingo dute; eta azaroaren 4an, hiriburuetako ospitaleetan mobilizatuko dira. Langileen esanetan, mobilizazioak ez dira amaituko administrazioek euren eskaerei irtenbidea eman arte.













