Suizidioaren tabuari argia jarriz, solasaldia antolatu du Batzokik
Bihar, ostirala, izango da, 19:00etan udaletxean. 'Iluntasunetik argitasunera' dokumentala proiektatuko da
Suizidioa askotan isiltasunaren eta tabuaren atzean geratu den gai bat da, baina gero eta gehiago dira hari buruz hitz egiteko eta gizartean ikusgarri egiteko urratsak egiten dituztenak, beharretik abiatuta. Bide horretan, Beasaingo Batzokia Kultur Elkarteak ekitaldi berezia antolatu du biharko, urriaren 31, 19:00etan, Beasaingo udaletxeko batzar aretoan.
Ekitaldian Biziraun Elkarteko hiru kide izango dira gonbidatuak eta gaiaren inguruko gogoeta izango dute helburu: Eva Bilbao, Iratxe Etxenike eta Agustin Erkizia. Biziraun elkartea maite dituzten pertsonen suizidioek mindutako pertsonak biltzen dituen elkartea da, eta euren esperientzien bidez, bizitzari eta itxaropenari buruzko hausnarketa sakona partekatuko dute.
Dokumentala
Saioan Iluntasunetik argitasunera dokumentala proiektatuko da, eta ondoren horri buruzko solasaldi irekia egingo da, entzun, partekatu eta isiltasuna apurtzeko helburuarekin.
Ekitaldian parte hartzea irekia da, eta herritar guztiak gonbidatuta daude. Ekimenak gizartean suizidioaren inguruko prebentzioan, enpatian eta elkartasunean sakontzea du helburu.













