Txerririk gabeko Txerri azoka egingo dute Mutiloan, igandean
Dermatosi nodular kutsakorrak eragina izan du Mutiloako azokan. Gainerakoan, egitaraua bere horretan mantenduko da. Odolkia artisau eran nola egiten den erakutsiko dute igande goizean.
Txerrien erakusketa Mutiloako Txerri azoketako batean.Maider Insausti Dermatosi nodular kutsakorra dela eta, abere azokak debekatu dituzte Euskal Herrian. Neurri honek Mutiloako Txerri azokari ere egingo dio eta aurten, ez da txerri erakusketarik izango igandean. Gainerakoan, azokak ohiko egitaraua mantenduko du.
Igandean ospatuko duten Txerri azoka 17.ena izango da, «azoka bat antolatzeko ideia bazegoen herrian eta mutiloarrak goitizenez txerri gorriak izanik, txerriaren inguruko bat egitea erabaki zen», kontatu du Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak. Goierrin txerriari eta txerrikiei bereziki eskainitako azoka bakarra da Mutiloakoa, nahiz eta beste leku batzuetan txistorrari, odolkiari edo buzkantzari eskainitako festa giroko egunak ere egiten diren.
Guztira 25 bat postu jarriko dituzte eta txerrikiarekin lotutako ekoizleak izango dira nagusi. Goierritarrak bakan batzuk, «Ormaiztegiko Deba etorriko da». Bertako produktuen salgaiek eta artisau produktuenak osatuko dute igande goizeko eskaintza. Bertako produktuen ekoizle gehienak goierritarrak izango dira —gazta saltzen Beñat Telleria mutiloarra ere izango da—, eta artisauen artean ere hainbat izango dira eskualdekoak.
Azoka 10:30ean irekiko dute. Haurrentzako eskulan saioak izango dira goiz osoan zehar eta txerria ere erreko da, ondoren, pintxotan dastatzeko. Odolki eta txorizo dastaketak eta urdaiazpiko mozte erakusketak osatuko dute eskaintza. Gainera, urtero bezala, Juanita Murgiondo, Juanita Aranburu eta Josune Agirre mutiloarrek odolkiak modu artisauan nola egiten diren erakutsiko dute.














