«Erritmo onean» ari da lanean Lazkao, legealdiko ekuatorera iritsita
Legealdi Planeko ekintzen %80 martxan da, eta gainerakoaren planifikazioa «oso aurreratuta» dago. Anbulatorio berriaren lehen fasean gaur egungo eraikina eraitsiko dute.«Lazkao hobe bat» eraikitzeko konpromisoan berretsi da udala.
Lazkaon eraikiko duten anbulatorio berria. Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak legealdi erdiko balantzea aurkeztu du, azken bi urteotan gauzatutako lanen errepasoa eginda eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako proiektuen berri emanda. Udal ordezkariek azaldu dutenez, Legealdi Planean jasotako ekintzen %80 dagoeneko martxan da, «batzuk amaituta eta beste batzuk burutze-fase desberdinetan», eta gainerako %20aren inguruan ere lan teknikoa eta planifikazioa «oso aurreratuta» daude. Horrek erakusten du, haien ustez, legealdiaren lehen zatian «erritmo bizian» aritu direla lanean eta ezarritako helburu gehienak betetzeko bidean daudela.
Berrikuntzak amaituta
Azken bi urteetan, udalaren lehentasunen artean izan dira herritarren ongizatea hobetzea, azpiegitura publikoak berritzea eta auzoen irisgarritasuna eta segurtasuna indartzea. Nabarmendutako proiektuen artean dago Joxemiel Barandiaran kiroldegiaren eraberritzea, bosgarren fasea amaitu berri den honetan. Lan horien bidez, igerileku eta sauna bana eta aldagela berrituak gehitu dira, erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea areagotzeko helburuarekin. Beste ekimen garrantzitsu bat izan da Zubizkitza auzoko berrurbanizazioa, non zoladura berritu den, ur hornidura-sareak ordezkatu diren eta kontsumo txikiko argiekin argiteria sistema modernizatu den, «segurtasuna eta energia-eraginkortasuna handituta».
Horrez gain, iaz martxan jarritako aurrekontu parte-hartzaileek erantzun oso positiboa izan dutela azpimarratu du udalak. Prozesu horren bidez, herritarrek hautatutako bost proiektuetatik lau dagoeneko gauzatu dira: zabu berrien instalazioa, Jose Lasa eta Magdalena kaleen arteko bidegorriaren egokitzapena, plazako bizikleta aparkalekuen estalkia eta segurtasun kameren instalazioa. Bosgarren proiektua, gainera, Harizti Handiko bizikleta zirkuitu naturalaren egokitzapena, idazketa fasean dago une honetan.
Anbulatorio berria
Aurrera begira, «Lazkao hobe bat» eraikitzeko konpromisoan berretsi da udala, eta horretarako hainbat proiektu estrategiko aurreikusi ditu legealdiaren bigarren zatirako. Horien artean nabarmentzen da anbulatorio berriaren eraikuntza, zeinaren proiektu teknikoa amaituta eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartuta dagoen. Obrak bi fasetan egingo dira: lehenengoan, egungo eraikina eraitsiko da eta bi solairuko, 800 metro karratuko eraikin berria eraikiko da; bigarrenean, eraikin hori 1.700 metro karraturaino handituko da. Obrak hemezortzi hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da. Bitartean osasun zerbitzua San Benito ikastolaren ondoan egokitutako modulu aurrefabrikatuetan emango da.
Horretaz gain, udalak beste hainbat proiektu aurreikusi ditu hurrengo urteetarako: Lazkaomendiko oinezko bidearen proiektua martxan jartzea, etxebizitza berriak eraikitzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren idazketa aurreratzea eta Epaundi eta Areso-Antzaldeko eremuak euri jasa handien aurrean babesteko neurriak ezartzea. Gainera, Kanpandegiko industrialde berrira enpresak bideratzeko asmoa dute, eta «Txanpiñoia» eraikina kultur zein herri ekimenetarako egokitzeko proiektua ere abian jarriko dute.
Konpromisoari eutsita
Udal arduradunen hitzetan, orain arte egindako lana herritarren parte-hartze aktiboari eta udal langileen konpromisoari esker gauzatu da. Azpimarratu dutenez, hurrengo urteetan ere «elkarlanean, jasangarritasunean eta bizigarritasunean oinarritutako Lazkao baten alde» jarraituko dute lanean.













