Aramarrak festarako prest
Gaur, azaroaren 10ean jango dituzten gaztainak koskatuko dituzte. Bihar, Arrikutz elkarteak botako du txupinazoa udaletxeko balkoitik. Arama-Itsasondo futbol errebantxa bihar da, herritarren arteko herri kirolak etzi.
Arrikutz elkarteko kideek botako dute txupinazoa bihar.Aramako Udala. San Martin eguna asteartea izaki, bost eguneko festak dituzte aurten Araman. Gaur, 19:00etan, haur txokoan, San Martin egunaren bezperan, azaroaren 10ean jango dituzten gaztainak koskatuko dituzte, eta bihar, Arama eta Itsasondoren arteko futbol partidarekin hasiko dituzte jaiak aramarrek. Errebantxarako gogoz joango dira itsasondoarrak Aramara, joaneko partida, Itsasondoko jaietan, aramarrek irabazi baitzuten.
20:00etan, txupinazoaren garaia izango da. Aurten, Arrikutz elkartekoen ardura izango da. Iker Irribarria alkatearen esanetan, udal taldean erabakitzen dute: «Iaz jubilatu elkarteari utzi genion hitza eta aurten Arrikutzek izango du. Ikusten dugu Arrikutz oso-oso inportantea dela herrian. Arrikutzek bizi handia ematen dio herriari. Festetan ere laguntza inportantea jasotzen du udalak eta detaile bat iruditu zaigu».
Herri kirolak eta herri afaria
Larunbatean, arratsaldean hasiko da festa, herritarren arteko herri kirol saioarekin. «Herri kiroletan oso giro polita sortzen da. Herri kirolak ez dira helduentzako bakarrik izaten, umeak ere aritzen dira. Ez dago irabazlerik eta galtzailerik. Denak elkarrekin jolas egiteko ekitaldi bat da. Aurreko urteetan nola funtzionatu duen ikusita, erabaki dugu aurten ere jartzea. Polita joaten da».
Beste urteetan egiten den herri bazkariaren ordez, aurten, herri afaria antolatu dute: «Hiru egunetan egin beharreko festa bost egunetan egitea pentsatu genuen, eta larunbata gehiegi ez betetzea. Arratsaldera arte jendea lasai utziko dugu, eta erabaki genuen herri bazkaria egin beharrean herri afaria egitea, eta jende asko apuntatu da, uste genuena baino gehiago, eta erantzun oso ona eduki du herri afariak». Iriarte Aretoan egingo dute afaria.
Igandean, puzgarriak eta txakolin dastaketa, astelehenean gaztaina erreak eta asteartean, hamaiketakoa, toka txapelketa eta patata tortilla lehiaketa izango dira. Lehiaketarako prestatutako tortillak jan ondoren, su artifizialekin amaituko dituzte festak.
Autobus zerbitzu berezia Aramako jaietarako
Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia antolatu du ostiralean eta larunbatean Aramako San Martin jaietarako. Honela, bihar, 22:30ean Beasaindik (Renfe) irtengo da autobusa eta ondorengo ibilbidea egingo du: Ordizia (Renfe) 22:35ean, Itsasondo (erdigunea) 22:40an, Arama (erdigunea) 22:45ean. Itzultzeko autobusa 03:30ean abiatuko da. Bestalde, larunbateko autobusa Beasaindik 22:45ean irtengo da, Ordizian eta Itsasondon geldiuneak eginez. Itzulerakoa, berriz, 03:00etan da.
Egitaraua
Gaur, osteguna
- 19:00. Gaztain-koskatze herrikoia haur txokoan.
Bihar, ostirala
- 18:30. Arama-Itsasondo partida.
- 20:00. Jai hasierako txupinazoa Arrikutz elkartearen eskutik.
- 20:30. Umeen afaria mozorrotuta, Arrikutz elkartean.
- 21:00. Gazte sentitzen direnen afaria, Arrikutz elkartean.
- 23:00. Kontzertuak: Oilar Beltzak eta Balantza erromeria. Talde aldaketan, bingoa.
Larunbata
- 17:30. Herritarren arteko herri kirolak.
- 19:30. Herriko trikitilariak plazan.
- 20:45. Herri afaria.
- 23:30. Kontzertua: 3ttu erromeria.
Igandea
- 12:00-14:00. Puzgarriak pilotalekuan.
- 12:30. Txakolin dastaketa, plazan.
- 16:00-18:00. Puzgarriak pilotalekuan.
Azaroak 10, astelehena
- 20:30. Gaztaina jana Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.
Azaroak 11, asteartea: San Martin eguna
- 12:00. Hamaiketakoa Arrikutz elkartean.
- 13:30. Toka txapelketa.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketaren hasiera. Ondoren tortilla jana.
- 21:00. Festa amaierako su artifizialak.













