Harrera elkartea aurkeztuko dute gaur Legazpin
Elkartearen eta '5.000 baietz' bazkidetza kanpainaren berri emango dute.
Aduna Mendizabal, Harrera elkarteko kidea.Jon Urbe. FOKU Harrera elkartearen aurkezpena egingo dute gaur Legazpin, Kultur Etxean, 18:30ean. Elkarteko kidea den Aduna Mendizabal arduratuko da elkartea bera eta bazkidetze kanpaina aurkezteaz.
Harrera Elkarteak lan asistentziala burutzen du, motibazio politikoengatik zigorra bete edo betetzen ari diren pertsonei zuzenduta. “Beste motatako presoekin alderatuta, preso hauen ibilbide penitentziarioa, beste baldintza batzuetan garatu da. Urteetan, baldintza berezietan bizi izan dute espetxealdia. Neurri berezi horien artean, dispertsioa eta urrunketa, zigor osoa lehen gradu penitentziarioan eta isolamendua modu sistematikoan pairatu izana edo gaixotasun larri edota sendaezinak dituztenen askatasuna berreskuratzeko zailtasunak ditugu”. Askok, gainera, espetxe zigorra osorik bete dute espetxe barruan eta hamarkadak egon dira bertatik atera gabe. “Neurri guzti hauek arazo fisiko, psikologiko, sozial eta ekonomikoak sortu dituzte eta ondorioz, pertsona hauek premiazko laguntasuna behar dute”.
Azken urteetan euren zigorrak bete izanagatik kalera irteten ari diren preso kopurua asko handitu da, 2018an zeuden 300 presoetatik egungo 110era pasatuz. Erdia inguru erdi askatasun egoera batean daude. Horren guztiaren ondorioz Harrera Elkartearen lana biderkatu egin dela azaldu dute.
5.000 baietz! kanpaina
Harrerako kideek nabarmendu dute espetxeak ustean, “presoek euren etxeratzean guztion laguntza” behar dutela. Urte guzti hauetan zehar, ehunka dira laguntza jaso dutenak. 2024an bakarrik, 117 izan dira espetxetik irten edo erbestetik itzuli diren pertsonak eta laguntza jaso dutenak.
Hori dela eta, 5.000 baietz kanpaina jarri dute martxan. Kanpaina hau, arrazoi politikoen ondorioz espetxea, erbestea edo deportazioa pairatu duten pertsonen etxeratzea modu duinean gauzatzeko lan asistentziala finantzatzeko 5.000 bazkide lortzeko erronka da.
Gaurko Kultur Etxeko saioan emango dute horren berri eta bazkide nola egin azalduko dute.













