Landa eremuko bideen konponketa errazteko, ordenantza aldatu du Legazpiko Udalak
Udalak materiala jarriko du aurrerantzean, eta bideak auzolanean konpondu beharko dituzte jabeek eta erabiltzaileek.
Legazpiko Udalak Lurzoru Urbanizaezineko Udal Bideen Babesa, Defentsa eta Kontserbazioa Arautzen duen Ordenantzaren aldaketa puntuala onartu du urriko udalbatzan. «Landa eremuko bizilagunen beharrei eta eguneroko errealitateari erantzutea» da aldaketaren helburua.
Azken urteotan, hainbat landa eremutan interes publikoko eremuetara iristeko eta erabilera publikoko bideak konpontzeko beharra agerian geratu da. Bide horiek funtsezkoak dira landa eremuan bizi diren herritarrentzat, etxebizitzetara, ustiategietara eta inguruko zerbitzuetara iristeko ezinbestekoak baitira.
Bideak konpontzeko udalak hormigoia edo hodiak bezalako materiala jarriko du, eta bidearen jabeek eta erabiltzaileek auzolanean egingo dituzte konponketak. Udalak berak ofizioz hasi dezake konponketa lan horiek egiteko tramitea, edo bideen jabeek eskatuta.













