Mirandaola jatetxea irekita dago gaurtik
Janari tradizionala eskainiko dute, eta asteburuetarako menu bereziak prestatuko dituzte. Ostiralero pintxo-potea ere egingo dute.
Mugimendu berezia sumatzen zen gaur Mirandaolako tabernan eta jatetxean. Hainbat hilabetez itxita egon eta gero, berriz ere ateak ireki ditu Kolonbiako jatorria duen Paul Carmonak eta bere taldeak kudeatuta.
Hemendik aurrera egunero egongo da irekita, bezeroei hemengo sukaldaritza tradizionala oinarri duen zerbitzua eskainiz.
Negozio propioa
Carmonak 25 urte daramatza Espainian, eta Euskal Herrira etorri da betidanik izan duen ametsa betetzera, negozio propioa izatea. “Aukera hau sortu zitzaidan, eta ilusio eta gogo handiarekin heldu diot”, azaldu du. Zumarragan bizi den Cecilia Garcia amaren bitartez jakin zuen Mirandaola alokairuan zegoela, eta “taberna ezagutzera etorri nintzenean, energia onak transmititu zizkidan, eta aurrera egitea erabaki nuen”.
Aurretik beste lan batzuetan ibilitakoa da. “Dj izan naiz 20 urtetan, logistikaren munduan ere lan egin dut… baina ostalaritza probatu nahi nuen, eta proiektu egokia noiz iritsiko zain egon naiz. Mirandaolan aurkitu dut. Beti besteentzat lan egin dut, orain nire negozio propioa jarri dut martxan”. Horretarako, amaren laguntza du, eta Amparo Reyes bikotearena ere bai. Bada laugarren partaide bat proiektu honetan, John Carmona Paulen anaia, “gure sukaldaria”.
Hemengo sukaldaritza tradizionala
Ohiko sukaldaritza eskainiko dute Mirandaolan, euskal janari tradizionala, eta hori izango da asteburuetarako prestatuko dituzten menu berezien oinarria. Pintxoak ere badituzte, txistorra edo patata tortillena besteak beste. Gosariak, ogitartekoak, hanburgesak, kafea, edari freskoak… aukera zabala izango da. Ostiraletan pintxo-potea egiteko asmoa ere badute, 19:00etatik aurrera.
Baina taberna eta jatetxe zerbitzuaz gain, Carmonak eta bere taldeak baditu bestelako asmoak ere Mirandaolarako. “Haurrei begira, adibidez, mahai jokoak izango ditugu, eta aurrerago, eguraldi ona berriz hasten denean, goiko terrazari etekina atera nahi diot”. Horretarako, chill out gune bat egokitzeko asmoa du musikarekin, zine emanaldiak ere egin nahi ditu aire librean…
Erreserbak eginda, hobe
Mirandaola egunero egongo da zabalik, 10:00etatik aurrera. Bazkalondoren, 15:00 inguruan atseden hartuko dute, eta 16:00etan irekiko dute berriz ere, iluntzera arte.
Garai onean ireki dute Mirandaola, bihar Olentzero eta Mari Domingiren bisiten kanpaina hasiko delako. “Dagoeneko baditugu datozen bi asteburuetan bazkaltzeko erreserbak”.
Bazkarietarako erreserbak egitea komeni dela esan du, eta horretarako 611 886 226 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat bidali behar da.















