Adineko egoitzetan beste hiru eguneko greba
Atzo hasi eta bihar bukatuko da. ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio aurrekontuetako gizarte politiketako partida ez dadila eraikin berrietara soilik bideratu. Aurrekontuek "sektoreko langileen prekarietatea eta genero arrakala ezabatu behar" dituztela diote.
Lazkaoko egoitzan bat egin dute grebarekin.Josu Zabala. Adineko egoitzetan beste hiru eguneko greba egiten ari dira atzotik bihar bitartean. ELA sindikatuaren esanetan, “Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmena berritu ahal izateko mahai negoziatzailea urtarrilean jarri zen martxan. Bertan dauden Matia, Adegi eta Lares patronalek, ordea, ez diote erantzun ere egin 5.000 bat langile biltzen dituen sektoreko eskakizunei, eta mahaiak blokeatuta jarraitzen du”.
Sindikatuek egindako eskakizunen artean, besteak beste “%100eko lan kontratuak izatea eta pairatzen duten 10.000 eurotik gorako soldata arrakala ezabatzea daude”. Izan ere, “sektoreko langileen ia erdiak lan kontratu partzialak ditu, eta langile publikoen (oso gutxi geratzen dira) eta lan bera baina subkontratatuta egiten duten langileen arteko soldata arrakala da aipatutakoa; genero diskriminazioaren ondorioa da hori, subkontratazioa feminizatutako sektoreetan gertatzen delako nabarmen, eta soldaten txikitzea dakar ondorioz”.
Langileen beste eskakizun batzuk ondorengoak dira: sektorearen publikazioa, gaueko plusa %100ekoa izatea eta 60 urtetik gorako langileentzako hobekuntzak.
Aldundiko aurrekontua
ELAren ustez, kontuan izan behar da “zerbitzu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko zerbitzu publikoa dela. “Bada, pasa den astean prentsan iragarri zuten EAJ-PSEren aurrekontu proiektua, eta iragarri zuten %12 handituko zutela gizarte politiketako diru partida, gizarte azpiegitura berrien sorrera bultzatu, zainketen eraldaketa sustatu eta sortzen ari diren errealitate sozialei erantzuna emateko”. Sindikatuak nabarmendu duenez, “partidaren handitze hori, ordea, azpiegituretara bideratu nahi da, %83, eta ez zainketak benetan eraldatzera eta hobetzera”.
Era horretan, ELAk uste du EAJ-PSEek “aukera paregabea” dutela eztabaidagai diren aurrekontuetan, “eraikin berriak egiteko iragarritako 53 milioi euroz haratago, langileen aldarrikapenak ere kontuan hartuko dituzten aurrekontuak adostu eta genero berdintasunean pausuak ematen hasteko”. Horregatik, sindikatuak oposizioari ere eskatzen dio “ez dezatela onartu langileen aldarrikapenak jasotzen ez dituzten aurrekonturik. Hala nola, ratioen eta zerbitzuen hobekuntza”.
Langileek aurretik dagoeneko bederatzi greba eginak dituzte.













