Pronostikoak bete dira: elurra egin du
Goierriko herrietako kaleetara iritsi ez bada ere, zuriz jantzi ditu inguruko mendiak. Goi aldeko auzoak ere zuritu ditu, Legazpiko Brinkola horien artean.
Batzuk nahi zutena baino gutxiago, eta beste batzuk nahi zutena baino gehiago, baina elurra egin du gaur Goierrin. Pronostikoak bete dira, beraz.
Eguraldi iragarpenek esan zuten gaurko egunean 600 metro inguruan egingo zuela elurra, arratsalde partean bereziki. Eta hala gertatu da. Goizean Goierriko mendi garaienak zuritu dira, eta arratsalde partean elur kota jaisten joan da eta eremu baxuagoetara iritsi da. Horietako bat izan da irudian ikusten den Legazpiko Brinkola auzoa. Brinkola 460 metroko garaieran dago kokatuta.
Argazkia arratsaldeko 5ak inguruan ateratakoa da. Ordurako tarteka mara-mara eginda zegoen elurra, eta zurituta utzi ditu auzoko teilatuak eta zelaiak. Termometroak 2 gradu markatzen zituen ordu horietan. Gero elur gehiago egin du, eta beherago jaitsi da elur geruza.
Bihar, elur gehiago
Euskalmet euskal meteorologia agentziak elur gehiago iragarri du biharko. Hona hemen Legazpirako egindako iragarpena: “Zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada ertainak botako ditu; gauean atertzera egingo du. Egunaren lehen partean trumoi-ekaitza eta txingorra egin dezake. Elur-kota 400-500 metrora egongo da goizaldean, noizbehinka beherago, eta 600-800 metrora igoko da arratsaldean; azken orduetan 700-900 metrora. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez”.














