Santa Zezilia kontzertua, urteko musika gertakari handiena Legazpin
Taulatuan ehundik gora musikari eta publikoan 450 pertsona biltzen dituen emanaldia da. Larunbatean izango da, 19:00etan, Urbeltz pilotalekuan. Sarrerak agortuta daude. Doinuako musikariek haur ospatuko dute Santa Zeziliak, baina eguraldiak aginduta, Azokan, 18:00etatik aurrera.
Legazpi Musika Banda eta Santikutz abesbatza, Santa Zezilia kontzerturako entsegu batean. Santa Zezilia kontzertua, Legazpiko musikarien eta musika zaleen hitzordu kuttuna iristear dago. Musikarien zaindariaren egunean bertan izango da, larunbatean, hilaren 22an, Urbeltz pilotalekuan, 19:00etan. Sarrerak agortuta daude.
Legazpiko musika talde handien urteko kontzertu nagusia izango da larunbatekoa. Alaitasuna errondailak, Goiz Deia txistulari bandak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak parte hartuko dute, hurrenkera horretan, herriko beste musikari eta dantzari batzuek lagunduta. Aurten taldean estreinatuko diren perkusio doinuak izango dira errondaila gidatzen, Iker Azpeitia txistularien buru jarriko da, Marian Lasa abesbatzaren aurrean, eta Jesus Castillejok banda zuzenduko du.
Sarrerak agortuta
Urteko musika gertakari nagusia da Legazpin Santa Zezilia kontzertua. Ehundik gora musikari izango dira oholtzan, eta publikoan, 540 pertsona inguru. Beste hainbeste sarrera banatu zituzten astelehen goizean Kultur Etxean. Bi ordutan agortu ziren guztiak.
Kontzertuan parte hartzen duten musikarientzat egun handia izaten da kontzertuarena, amaieran afarian elkartzeko ohitura dutelako guztiek, bakoitza bere taldearekin. Festa giroko afariak izaten dira, askotan goizaldera arte luzatzen direnak.
Doinuaren festa, Azokan
Herriko beste musikariek ere ospatzen dute euren zaindariaren eguna, eta horien artean daude Doinua musika eskolakoak. Kalejiran ateratzekoak ziren gaur, Azokan festa batekin jarraitzeko, baina eguraldiak aginduta, Azokan egingo dituzte azkenik aurreikusita zituzten ekitaldi guztiak. Musika saioak, gorputz perkusioko erakustaldiak eta txokolate jana 18:00etatik aurrera izango dira.













