Iratzarri emakume elkarteak bere 35 urteak ospatuko ditu larunbatean
Ehunetik gora bazkide elkartuko dira bazkaltzeko, herriko jatetxe batean. Elkartearen sorrerako helburuak ez dira asko aldatu, eta emakumearen alde lan egiten jarraitzen du.
Iratzarri emakumeen elkarteak 35 betetzen ditu aurten, eta ospakizunetan dabil murgilduta. Bihar urteurreneko ekitaldi nagusia izango dute, Aitxuri jatetxeko bazkariarekin.
Hasieratik dauden emakumeak eta bidean elkartutakoak eseriko dira mahaiaren bueltan, ehunetik gora. Festa giroan, 35 urte luze hauetan zehar egindakoak gogoratzeko, gaurkoaz hitz egiteko eta etorkizunerako planak egiteko baliatuko dute.
Indar handiarekin abiatu zuen bere bidea Iratzarrik San Ignazio auzoko eskola zaharretan, eta gaur indartsu jarraitzen du oraindik, toki berean.
Hasierakoak eta oraingoak
Nerea Anduaga, Amparo Perez, Txaro Morras, Arantxa Sudupe, Marisa Domenech, Yolanda Anduaga, Olga Fernandez, Isa Ramos, Mila Perez eta Ascen Gonzalez dira gaurko Iratzarriren zuzendari batzordeko kideak, eta duela 35 urte etxekoandreen elkarte gisa sortu zuten Iratzarri haren gidarien jarraitzaileak dira. Amor Martinez, Imelda Martinez, Arantxa Garate, Fabiola Martinez, Lourdes Larramendi, Maite Jauregi, Lourdes Esnaola, Raquel Bilbao, Mari Cruz Kortazar, Mari Carmen Ozaeta eta Begoña Garcia izan ziren aitzindariak.
Hasierako haien ondoren beste batzuk izan dira zuzendaritza eta koordinazio lanetan, eta inguruan, makina bat bazkide, emakumezkoak denak, 400dik gora iristeraino. Gaur ere 400 inguru dira. Urtean 10 euro da bazkidetza.
Betiko helburuak
Emakume askok etxetik kanpo lan egiten ez zuten garaian sortutakoa da Iratzarri, 1990ean. Etxekoandreak ziren zentzu horretan, etxeaz eta familiaz arduratzea zelako haien eginkizun nagusia. Etxetik kanpo aisialdirako, jarduerak egiteko eta elkartzeko gune bat eskaintzeko sortu zuten Iratzarri, bereziki Amor Martinezen ekimenez.
Elkartearen hasierako helburuak ez dira asko aldentzen gaurko Iratzarrik jorratzen dituen ildoetatik. Estatutuetan jaso zutenez, elkartea «emakumearen problematika orokorra aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko» sortu zuten. Horretarako, bazkideei «era askotako jarduerak» eskainiko zizkien, «aisialdikoak, kulturalak eta hezigarriak». Gainera, «familia kontsumoaren defentsarekin lotutako gaien azterketa eta esku hartzea» bultzatuko zuten, erakunde publikoak eta pribatuak ondoan izanda. Azkenik, udalaren kultura eta gizarte gaietako batzordeetan parte hartzeko asmoa agertu zuten.
Makina bat jarduera
Helburu eta ildo horiei jarraiki, era askotako jarduerak eskaini dizkie Iratzarrik bere bazkideei, eta hainbatetan legazpiar guztiei ere bai. Joste eta puntu ikastaroak, yoga, gimnasia, dantza, eskulanak, sukaldaritza eskolak, euskara klaseak… Moda desfileak ere egin zituen garai batean herriko merkatarien laguntzarekin, autonomien eguna ere ospatzen zuten gastronomia ardatz hartuta, kontsumoari eta gizarteko hainbat gai interesgarriri buruzko hitzaldiak antolatzen zituen eta antolatzen ditu oraindik…
Irteerak eta oporraldiak ere oso lotuta daude Iratzarriren jarduerarekin. Urtero egiten dituzte bi gutxienez, bata egun batekoa, eta beste bat egun batzuetarako. Azken urte hau berezia delako, lau egunetarako joan dira Toledo aldera.
Jarduera guztiek harrera oso ona dute bazkideen aldetik. Datorren asterako Gabonei begira antolatu duten sukaldaritza ikastaroan, adibidez, 80tik gora lagun izango dira, lau taldetan banatuta. Ikastaro guztietan bete egiten dira plazak, salbuespenik gabe.
Iratzarrik ez du bazkideei begira bakarrik lan egiten, eta bere jarduerak Legazpi osoan du oihartzuna. Elkarteak modu aktiboan parte hartzen du, besteak beste, klimari lotutako foroetan, belaunaldi artekotasuna lantzen ari den Gizartelab proiektuan eta ostegunetako LegazTipi-Tapan.













