San Bartolome ermitaren berritze lanerako, Jaurlaritzaren diru laguntza
80.436,36 eurokoa izan da berritze lanetarako aurkeztutako aurrekontua. Batez ere, teilatua berritzeko erabiliko dute dirua.
Osebele, Ordiziako San Bartolome ermitaren lagunak elkarteak jakinarazi duenez, San Bartolome ermita eraberritzea diruz lagunduko Eusko Jaurlaritzak, Euskal Ondarearen zabalkuntzarako diru laguntzez baliatzeko Ordiziako eliza barrutiak aurkeztutako egitasmo proiektua aintzat hartu baitu.
Osbeleren esanetan, 2025eko uztailean bukatu zen Jaurlaritzak Euskal Ondarearen zabalkuntzarako dituen laguntzaz baliatzeko aurkeztu beharreko laguntza planen epea. “Ermitaren jabea izanik, Ordiziako eliz barrutiak epe horien barruan aurkeztu zuen, egitasmoaren proiektua. Honek guztiak bere erantzuna izan du eta joan asteartean, 2025eko urriaren 18an jakinarazi ziguten, Ordiziako San Bartolome berritzeko egindako eskaera onartua izan dela”.
80.436,36 eurokoa izan da berritze lanetarako aurkeztutako aurrekontua. “Laguntza honi beste batzuk erantsi behar zaizkio, hala nola, Osbele elkarteak 2022an Babestu teila bat lelopean ordiziarren artean abiarazi zuen kanpainari esker lortutako 12.000 euro, eta Ordiziako eliz barrutiak jarriko dituen beste 6.000 euro”.
Beraz, “ezbairik gabe esan genezake, proiektuan azaldutako behin-betiko berritze lanak epe laburrean abiarazi ahal izango ditugula”. Izan ere, Osbeleren esanetan, “laguntza horiek, premiazkoak diren teilatua berritzeko eta ermitaren zorua tajutzeko erabiliko dira batez ere”. Lanak abiarazi ahal izateko, izapideak burutu behar dituzte orain Osbelekoek, “baina, hau guztia 2026 ko San Bartolo egunerako bukatuta egon dadin saiatuko garela agintzen dizuegu”.
Izan ere, “konfiantza osoz adierazi nahi dizuegu, zuen guztion laguntzari esker, helburua bete arte tinko jarraituko dugula lanean. Historialari eta arkeologoek behin eta berriz adierazi diguten moduan, Ordiziarron jatorria hor abiarazi zelako. Hor daude gure iraganeko sorreraren arrasto sendoak”.













