Santa Zezilia goitik ospatu dute aurten ere legazpiarrek
Alaitasuna errondailak, Goiz Deia txistulari bandak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi Musika Bandak 500etik gora herritar elkartu zituen larunbat iluntzean Urbeltz pilotalekuan egindako kontzertuan. Goi mailako musika emanaldia omenaldi hunkigarriz beteta egon zen.
Legazpiko musikariek eta herritarrek goitik ospatu dute aurten ere Santa Zezilia eguna. Urteroko kontzertuak 500etik gora herritar bildu zituen Urbeltz pilotalekuan larunbat iluntzean. Taulatuan, berriz, ehun inguru musikari agertu ziren, Alaitasuna errondailakoak, Goiz Deia txistulari bandakoak, Santikutz abesbatzakoak eta Legazpi Musika Bandakoak.
Goi mailako kontzertua eskaini zuten guztien artean, ia bi orduko iraupenekoa, eta hainbat kolaboratzaile izan zituzten beraien artean. Hala, errondailak Juanjo Jauregi trikitilariaren eta Mikel Arriaran perkusionistaren kolaborazio berezia izan zuen emanaldian bertan, eta aurretik, baita Xabier Barriola musikariarena ere. Txistulariek, berriz, Iñar Sastre eta Agurtzane Elustondo izan zituzten ondoan, pianoarekin eta trikitiarekin hurrenez hurren. Azkenik, Santikutz abesbatzarekin batera Alex Agirregabiria eta Iker Zeberio dultzaina jotzaileek eta Aiur Goikoetxea eta Ohian Rodrigo perkusionistek jo zuten. Gainera, Korosti eta Sustraiak taldeetako dantzariek ere parte hartu zuten kontzertuan.
Ohi bezala, musika talde hauek omenaldiak egiteko baliatzen dute Santa Zeziliari eskainitako kontzertua. Bandak, hasteko, lau kide omendu zituen: taldean 25 urte egindako Naiara Larrea, eta 40 urte egindako Jesus Calvo ‘Txutxi’, Luis Pagola eta Monica Salvador. Eta abesbatzak, taldean abesten 25 urte daramatzaten Eneko Murgiondo eta Pedro Vega omendu zituen.
ARGAZKIAK: Emi Murillo, Juan Luis Unzurrunzaga eta Tere Madinabeitia













