Ehundik gora legazpiar aktibatu dituzte kirola bultzatzeko udalaren programarekin
Urte hasieran jarri zuten martxan Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua, Aktibatu Legazpi proiektuaren barruan. "Bizitza aktiboago baterako urratsa emateko" helburua du zerbitzuak
Aktibatu Legazpi proiektuaren barruan urte hasieran udalak Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua martxan jarri zuenetik, ehun herritar baino gehiago artatu ditu. Udalak “oso balorazio positiboa” egin du: “Jasotako erantzuna bikaina izan da, bai erabiltzaileen aldetik, baita udaleko eta herriko eragileen ikuspegitik ere”.
Osasun Etxeak deribatu ditu herritar gehienak zerbitzu horretara. Hala ere, udal ordezkariek azaldu dutenez, “orientatzaileak berak ere lotura estua du herriko kirol sarearekin, eta herritarrak hainbat talde eta eragileren programetara bideratu ditu, bakoitzaren beharrizanen arabera”.
KOI saioak eta proiektu gehiago
Mikel Aramendia da kirol orientatzailea, eta duela hilabete gutxitik kiroldegian ostegun goizetan ematen duten KOI Koordinazioa, Oreka eta Indarra saiora bideratu ditu herritar asko. Momentu honetan 16 lagun joaten dira saio horietara, eta guztiek azpimarratu dute “onurak nabariak direla: egunerokotasuneko jardueretan indar handiagoa dutela, mugikortasuna arinagoa dela, eta ongizate handiagoa sumatzen dutela”.
Aurrera begira, zerbitzuak beste proiektu batzuk indartu edo jarriko ditu martxan herriko eragileekin elkarlanean. Garaguneko erabiltzaileei zuzendutako ekintzak, pertsona nagusientzako programak, emakumeei bideratutako jarduerak edo hezkuntza alorreko lankidetzak dira proiektu horietako batzuk, martxan daudenak dagoeneko edo laster abiatuko direnak.
Bizitza aktiboagoa helburu
Kirol zinegotzi Josu Galileak nabarmendu du udalak egindako apustua “erabat egokia eta beharrezkoa” izan dela: “Aktibatu Legazpi martxan jarri genuenean argi geneukan herritarren osasuna eta ongizatea lehenetsi nahi genituela, eta gaur ikus dezakegu zerbitzuak benetako eragina duela pertsonen egunerokoan. Onurak nabarmenak dira, eta jasotako harrera ikusita, argi dugu Legazpin zerbitzu hau sendotzen eta indartzen jarraituko dugula.”
Aldi berean, gogoratu du Aktibatu programako orientazio zerbitzuak “bizitza aktiboago baterako urratsa emateko” helburua duela. Informazio gehiago jasotzeko edota zerbitzua erabiltzen hasteko 747 496 604 telefono zenbakira deitu daiteke, edo aktibatu@legazpi.eus helbidera mezu bat bidali.













