Legazpiko familiekin lan egingo dute haurren hazkuntzari buruzko ikerketan
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek egingo du. Lanerako 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarterako haurren 50 familia behar dituzte. Bihar amaitzen da programa honetan izena emateko epea.
Ikerketa gidatuko duen taldea, Edurne Matias hezkuntza alorreko zinegotziaren batera.Legazpiko Udala Euskal Herriko Unibertsitateko HAEZI taldeak haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa bat egin nahi du, eta Legazpiko 50 familien partaidetza behar du. Joan den astean aurkeztu zuten ikerketa proiektua Izpien Txokoan, eta ordutik familien atxikimendurako epea dago irekita. Bihar da izena emateko azken eguna.
Zehazki 3 urte eta erdi eta 5 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiak behar dituzte, hau da, 2020ko abendutik 2022ko ekainera bitartean jaiotakoen 50 familia. Izena ematen dutenek ebaluaziorako doako programa batean parte hartuko dute, eta horren bidez, familia ingurunearen potentziala eta semearen edo alabaren garapena ezagutu ahal izango dute. Besteak beste, seme-alaben hazkuntzan sortzen diren zalantzak argitzeko, eta hazkuntza prozesu hori hobetzeko balioko du.
Izena emateko, adin tarte horretako umeen familiei helarazi zaien informazio-liburuxkaren QR kodea eskaneatu eta formularioa bete behar da. Programako taldea harremanetan jarriko da izena ematen dutenekin, elkarrizketa bat hitzartzeko. Informazio gehiago familiasgipuzkoa@gmail.com helbidera idatzita eskatu daiteke.
Politika publikoak
Ikerketa honetan parte hartzen duten familiek elkarrizketa bat izango dute psikologo batekin, familia inguruneari eta semearen edo alabaren haur garapenari buruzko informazioa jasotzeko. Gainera, jolas-saio txiki bat egingo dute, haurra modu natural eta hurbilean behatzeko. Horren ondoren, familia bakoitzak txosten pertsonalizatu bat jasoko du, eta hainbat arlotan jorratzeko orientazio praktikoak emango zaizkio.
Haurren ongizatea eta garapena, bizikidetza positiboa etxean, eta eguneroko hazkuntza praktikan lantzeko indarguneak eta hobekuntzak izango dira orientazio horren jomuga. Horren barruan, haurren behar goiztiarrak detektatzeko bideak, familiari laguntza eta haurren ongizatea bultzatzeko estrategiak eskainiko dituzte.
Programa hau erabat konfidentziala izango da, eta familia bakoitzak partikularki jasoko dituen orientabideez eta laguntzaz gain, ikerketaren emaitzak baliagarriak izango dira familiei zuzendutako politika publikoak eta laguntza programak hobetzeko, bizitzako lehen urteetatik garapen sozio-emozionala sustatuz. Hori dela eta, Legazpiko Udaleko ordezkarientzat «funtsezkoa» da herriko familien partaidetza, «haurtzaroaren hazkuntza positiboa eta garapen osasungarria hobeto ulertzeko».
Udalarekin lankidetzan
Haurren hazkuntzari eta ongizateari buruzko ikerketa lan hau unibertsitateko HAEZI taldeak gidatuko du. Talde horretan Garapenaren eta Hezkuntzaren Psikologiaren arloari eta Oinarrizko Psikologiaren arloari atxikitako ikertzaileek parte hartzen dute. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du, eta Legazpiko Udala lankidetzan ari da, «hazkuntza osasungarria sustatzeko eta haurren osasun mentaleko arazoak prebenitzeko» helburuarekin.













