Porrotx eta Marimots, abenduaren 27an Ordizian
Ordiziako Majori kiroldegian ikuskizun berria eskainiko dute pailazoek, 11:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Ordiziako Jakintza, Beasaingo Andramendi eta Lazkaoko San Benito ikastolek Urruñako eta Ziburuko ikastolen alde antolatutako jaialdia da.
Eguberriak gerturatzen ari direnaren seinaletako bat izaten da, urtero, Ordiziako Jakintza, Beasaingo Andramendi eta Lazkaoko San Benito ikastoletako ordezkariek Porrotx pailazoarekin batera egiten duten aurkezpena. Atzo izan zen egun hori, Barrena jauregian, Eguberrietako agendako klasiko bat, Goierriko eta Iparraldeko ikastolen elkartasun jaialdia izaten den Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna aurkezteko. Abenduaren 27an izango da aurten.
Bi berritasun baditu aurtengo ekitaldiak: batetik, saio bakarra egingo dutela, eta bestetik, goizean izango dela, 11:30ean. Tokia, berbera izango da, Ordiziako kiroldegia. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroan.
Ikuskizun berria
Eta ohi bezala, ikuskizun berria aurkeztuko dute Ordizian Porrotx (Joxemari Agirretxe Kerexeta), Marimotots (Mertxe Rodriguez Serrano), Pupu (Izaskun Forcada Pascual), Lore (Joanes Echeveste Bernet) eta Birtxi (Oihana Sanchez Artieda) pailazoek: Zerua lapurtu dute.
>Porrotxek aurkezpenean jakinarazi zuenez, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailarekin batera osatutako ikuskizuna izango da, iaz argitaratu zuten izen bereko ipuin-diskoa borobiltzeko. «Azken urteotan denetariko gaiak jorratu ditugu eta tartean badaude ingurumen eta naturako gaiak. Basoak, itsasoa… gaiak izan dira horietako batzuk eta oraingoan zerura begira jarri gara, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera».
Bidaia egingo dute ikuskizunean. «Birtxiren itsasargira joango gara, Birtxi farozaina baita. Izarren berri izango dugu, planeten berri, sateliteen berri… Eklipsea zer den ikasiko dugu… ezagutuko ditugu meteoritoak, izar usoak, eta iluntasunaren magia». Azken batean, argi kutsadura, pantailen erabilera, unibertsoaren altxorrak ezagutzea eta natura zaintzearen garrantzia azaleratzea dute helburu.
Dena den, Porrotxek gogoratu zuenez, «ingurumena zaintzeaz» gain, harago doa: «Urtero bezala, saio honen helburua ere bada hizkuntza zaintzea, gure kultura zaintzea, eta bereziki, Iparraldeko ikastolak zaintzea. Saio honek ere helburua izango du beti bezala, Iparraldeko Ikastolak laguntzearena».
Goierriko eta Lapurdiko Urruña eta Ziburuko ikastolek duela 29 urte hasi zuten elkarlana. Izan ere, «ikastolek bere sorreratik dute elkarlaguntza eta herritartasuna ezaugarri» antolatzaileen esanetan. «Ikusi besterik ez dago azken 50 urte hauetan zenbat urrats eman diren ikastolaren izenean eta izanean. Guztia euskara eta euskal kultura sustatzeko». Abenduaren 27an, pailazoen jarduna hasi aurretik, ikastoletako haurren kantu saioak izango dira Majorin.
Amaieran berriz, Majoritik ateratzerakoan, Burrunbazale txaranga izango dute lagun, Ordiziako txarangak Burrunbazale eguna ospatuko baitu.

Ordiziako Barrenan egin dute aurkezpena, Porrotxek eta Goierriko eta Urruñako ikastolako ordezkariek.Loinaz Agirre.
Sarrerak salgai
- Beasainen: Andramendi Ikastolan, abenduaren 2an eta 4an, 16:30etik 17:00etara. Ondoren, Antzizar tabernan.
- Idiazabalen: Guzta dendan.
- Itsasondon: Kaxintane tabernan.
- Lazkaon: San Benito Ikastolan abenduaren 4an, 09:00etatik 09:45era eta 16:30etik 17:15era.
- Ordizian: Jakintza Ikastolan, Villa Eugenia eraikinean, abenduaren 3an eta 4an, 17:00etatik 18:00etara. Ondoren, agortu arte, Majori kiroldegian.
- Seguran: Elorripe tabernan.
- Zaldibian: Joxepane tabernan.
- Internetez: katxiporreta.eus webgunean.













