Amentzako espazio partekatu eta segurua, Seguran
0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten amei zuzendutako egitasmoa antolatu du Segurako Udalak. Izen ematea irekita dago urtarrilaren 23ra bitartean.
Segurako Udalak amatasuna partekatzeko espazio seguru bat antolatu du 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten amentzat. Talde honek, “herriko amak espazio seguru batean saretzeko eta erronka horri banaka nahiz taldean erantzuteko tresnak eskaintzea” du helburu. Diotenez, “ume txikiak dituzten emakume asko bakarrik, galduta, nekatuta, frustratuta eta egoerak gaindituta sentitzen dira, baita ez-ulertuta ere; nahiz eta ondoan bikotea, lagun taldea, familia eta bestelako babesa izan”.
Saioak Anuska Tena Peña psikologoak gidatuko ditu. Tena psikologian lizentziatua da, familia eta bikote terapia masterrarekin eta psikologia perinatalean espezializatua. Egun, haur eta gazte, eta helduen klinikan aritzeaz gain, psikoperinatologian espezializatutako psikologo eta bidelagun lanak ere egiten ditu.
Urtarriletik ekainera
Urtarrilaren 26ean hasita ekainaren 15era arte luzatuko dira saioak. Guztira sei saio izango dira, bat hilabete bakoitzeko: urtarrilak 26, otsailak 16, martxoak 23, apirilak 27, maiatzak 25 eta ekainak 15. Enkontruak Baratze pilotalekuko A gelan izango dira 17:30etik 19:30era.
Taldea 6 eta 11 emakume artekoa izango da eta izena ematerako orduan Seguran bizi diren emakumeek izango dute lehentasuna. Ezingo da saio batzuetarako soilik izena eman. Izen ematea urtarrilaren 23ra arte dago irekita, Segurako Udalak herriko whatsapp taldean zabaldu duen esteka honetan. Saioen prezioa 120 eurokoa izango da. Zalantzak argitzeko berdintasuna@segura.eus helbidera idatzi daiteke.













