«Apirilera arteko larunbat eguerdi guztiak erreserbatuta ditugu dagoeneko»
Santa Lutzi bezperaz geroztik zabalik dago Legorretako Begiristain sagardotegia, eta maiatz amaierara arte izango dute zabalik txotx denboraldia.
Abenduaren 12tik irekita dago Begiristain sagardotegia Legorretan. «Abendua hilabete polita izaten da, enpresa bazkariak, familiak… izaten ditugu. Txukun egin dugu lana». Denboraldia hasi aurretik, «lan asko» izaten dela aitortu du: «Sagastiak zaindu, sagarrak bildu, sagardoa egin, sagardotegia txukundu berriz denboraldia hasterako… lan dezente izaten da», zerrendatu du.
Sagardoari dagokionean, «oso gustura» daude aurtengo ekoizpenarekin. «Oso sagardo garbiak dira, aromatikoak. Uste dut kalitate handiko produktua egitea lortu dugula aurten», dio. Aukeren aldetik, Gorenak eta Euskal Sagardoa zigiludun sagardoak egiten dituzte Begiristainen. Sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izango da: «Kupela guztiek izaten dute ukitu propioa, batzuk mikatzagoak, besteak arinagoak, gorputz gutxiago dutenak ere bai… guztiak dira ezberdinak».
Jendea lagun artean edo familia giroan «ondo pasatzera» joaten da Begiristainera; egonaldia atsegina egiteko «ahalik eta janari goxoena eta sagardo onena ematen» saiatzen dira bertan. Kokapena da Begiristainen indargune nagusietako bat, trenez eta autoz erraz iritsi baitaiteke bertara. Baita duen ordutegi zabala ere: «Astean zehar egunero irekitzen dugu afariak emateko, astelehen eta asteartetan ere bai». Kalitatezko produktuak eskaintzen ahalegin berezia egiten dute. «Gure txuletak ospea dauka; eta bakailaoa eta tortillarekin ere jendea oso gustura geratzen da».
Jendea gero eta lehenago hasten da sagardotegiko hitzorduak ixten, eta, dagoeneko, «apirilera arteko larunbat eguerdi guztiak erreserbatuta» dituzte Legorretako sagardotegian. «Urrian hasi ginen, jada, erreserbak hartzen». Maiatza amaierara arte izango dute zabalik txotx denboraldia.













