«Aurtengo sagardoa graduazio baxuagokoa izango da»
Gaur zortzi zabaldu zuten txotx denboraldia Ataungo Urbitarten, eta horretan arituko dira maiatzaren 30era arte.
Txotx denboraldiari joan den ostiralean eman zioten hasiera Urbitarte sagardotegian. Aurreko urteetako joerari jarraituz urtarrila «lasaia» izaten ari da, baina hasita daude jada otsail eta martxorako erreserbak hartzen. Urbitarte urte osoan dago irekita, baina jatetxea eta sagardotegia bereizten dituzte. Txotx denboraldia iraila eta urria bitartean hasten dira prestatzen: «Jangela eta txotx denboraldirako prestaketa lanak uztartzen asmatu dugu. Irailean hasi ginen sagar bilketarekin eta sagarra jotzen, azaroaren erdialdera arte. Gero kupeletan sagardoaren zainketa egin behar da», esan du Aitor Calvillo Urbitarte sagardotegiko ordezkariak.
Aurtengoa aurreko urtekoarekin alderatuta «graduazio baxuagoko sagardoa» izango da, baina baita lehorragoa ere: «Zapore onekoa, frutaduna. Probatu dutenak gustura geratu dira. Espero dugu jendearen gustukoa izatea». Urbitarten oso bezero «fidela» dutela dio Calvillok, eta etxeko berezitasuna parrilla da. «Txotx denboraldian txuleta izaten da izarra eta denboralditik kanpo arraina ere eskaintzen dugu. Bakailaoa prestatzeko modu ezberdinak ditugu, betiko tortillaz aparte, tako frijituak ere baditugu piperrarekin eta kokotsak ere eskaintzen ditugu, baita bakailaoa tomatearekin ere. Jendeak oso estimu handian du, generoa ere bezeroen gustukoa izan ohi da».
Goierriko sagardotegiek beren nortasuna eta izaera mantentzen dituztela dio: «Guztiek bezala bertako sagarrarekin egiten dugu gure sagardoa, alde horretatik ez gara oso ezberdinak. Denok ere antzeko produkzioa egiten dugu». Txotx denboraldia maiatzaren 30era artekoa izango da; ondoren jatetxe zerbitzua eskainiko dute.













