Bonberia kulturgunea eraikitzeko lanak hasiko dituzte astelehenean
Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresari esleitu zaizkio lanak, 721.160 euroko aurrekontuarekin. Kultur jarduerak hartuko dituen espazioa sortzea da helburua.
Bonberiak egun duen itxura.Laida Goiburu Arana kalean dagoen Bonberia eraberritzeko lanak hasiko dituzte astelehenean, urtarrilaren 19an. Suhiltzaileen egoitza izan zen eta materiala, eskailerak eta bestelakoak gordetzeko erabiltzen zuten. Eraikina berritu eta kulturgune bat sortuko dute.
Non Arkitektura enpresak egin du proiektua, eta Iparragirre Eraikuntza Lanak S.L. enpresari esleitu zaizkio eraberritze lanak 721.160 euroko aurrekontuarekin. Sei hilabeteko iraupena izango dute lanek.
Udal gobernuaren esanetan, “aspaldi” planteatutako “egitasmo estrategikoa” da Bonberia kulturgune bihurtzeko proiektua. Helburu argi bat du: kultur jarduerak hartuko dituen espazioa sortzea, “Beasainek gaur egun duen eskaintza osatu eta indartzeko”.
Musika, antzerkia, erakusketak… kulturari lotutako ekitaldiak egitea aurreikusi du udalak. Hainbat espazio izango ditu: askotariko erabileratarako eremua, fatxadako beirazko itxitura zabalduz kalera irekiko dena; kultur ekitaldietan mokadutxo bat eskaintzea ahalbidetuko duen office bat; eta komuna, biltegia eta leihatila.
Arana kalearen eraberritzea
Kulturgune bat sortzeaz gain, Arana kalea biziberritzea du helburu proiektuak, beasaindarrentzat topagune izan dadin. “Eraikina kalera irekiko da, barruan egiten diren jarduerak kanpora proiektatzeko aukerarekin, eta herritarrentzako topagune bilakatzeko bokazioarekin”. Eraikinak pergola itxurako estalki bat izango du erantsita, udalaren hitzetan “aisiarako toki atsegina bilakatuko den eremua sortuko duena, batez ere uda garaian”.
Irisgarritasunari ere erreparatu diote proiektuan. Harrapala bat jarriko dute ibaiaren aldeko pasabidera sarbidea bermatzeko eta eraikina pertsona ororentzat erabilgarri izan dadin.

Bonberia kulturguneak izango duen itxura.














