Karlos Argiñano izendatuko dute Beasaingo Odolki Kofradiaren 39. kapituluan ohorezko kofradiakide
Otsailaren 5eko Loinazko San Martin eguneko adiskidetasun bazkarirako txartelak salgai daude Plazape eta Ortzi tabernetan.
Beasaingo Udala eta Beasaingo Odolki Kofradia otsailaren 5eko Loinazko San Martin eguneko antolaketa lanetan dabiltza. Egun horretan, 39. kapitulua ospatuko du Beasaingo Odolki Kofradiak, eta jakinarazi du nor izendatuko duen kofradiakide: Karlos Argiñano. “Sukaldari herrikoia, hurbila eta dibulgatzailea. Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaileetako bat”, azaldu du.
Beasaingo zaindariaren egunean adiskidetasun bazkaria egingo dute ohi bezala. Bazkarirako txartelak salgai daude jada, Plazape eta Ortzi tabernetan. Joateko asmoa dutenei otsailaren 1a baino lehen txartelak jaso ditzatela eskatu die udalak. Loinazko San Martin plazan egokitutako eremuan izango da bazkaria, eta pertsonako 65 euroko kostua du.













