«Magikoa izan da zaldibiarrekin afizioa konpartitzea»
Ibon Etxabe 'Ibon Magoa'-k (Zaldibia, 1995) txikitatik izan du magiarekin lotura estua, eta urte batzuk erretiroan eman baditu ere, arlo horrekiko afizioa berrartzen ari da.
Ibon Etxabe mago zaldibiarra. Hitza Noiz eta nola hasi zinen magia egiten?
Betidanik izan dut magiarekiko zaletasuna; 13 urte nituela etxeko karta zahar batzuekin egiteko pare bat trikimailu ikasi nituen jolas moduan, eta ingurukoei erakusten nizkien. Urtebete beranduago, Ordiziako Altamira auzoan izan nuen lehen aldiz magia ikuskizun bat eskaintzeko aukera eta geroztik proiektua forma hartzen joan da: gehiago ikasten joan nintzen, jende gehiago erakartzen nuen eta proiektua handitzen joan zen. Inkontzienteki.
Eboluzio handia izan duzu magia munduan.
17 urterekin profesional gisa aritu nintzen lanean. Afizio zena ofizio bilakatu zen niretzat, baina hain gorputz handia hartu zuen proiektuak, orain zortzi urte alde batera uztea erabaki nuela. Ez nintzen magiarekiko sentitzen nuen zaletasuna ofizio gisa mantentzeko gai izan.
Eta orain?
Erretiroan izan naiz azken urte hauetan, baina egin izan dut ikuskizun solteren bat. 2020an, esaterako, GKE baterako ikuskizunak egiten aritu nintzen, Mozanbikera pediatria baliabideak bidaltzeko dirua biltzeko. Orain afizioa berrartzen ari naiz, eta horretara dator Zaldibian egindako Oasia aurreneko gala magikoa.
«Saioetan antzerkia erabiltzen nuen, baina orain umorea erabiltzen hasi naiz; artistaren firma da hori»
Zer moduz joan zen Zaldibiako gala?
Sekulakoa izan zen. Herri txikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar eta polita da etxekoen, lagunen zein herrikoen berotasuna sentitzea. Denbora zen Zaldibian ikuskizunik egiten ez nuela, baina eskuzabalki hartu gintuzten. Aurrez ondo joango zela pentsatzen genuen, baina espektatiba guztiak gainditu zituen. Antzokia betetzea lortu genuen, bi magoen artean antolatutako ikuskizunarekin.
Herrikoen berotasunean berezia izango zen…
Beti da berezia etxean jardutea, eta beste tokietan baino errazagoa da ikusleen tenperatuta hartzea. Publikoa gertutik ezagutzeak zein aurrez konfiantza bat sortuta izateak nabarmen arintzen du saioa: errazagoa da parte hartzea, enpatia sortzea, jokoan sartzea… Ilusio handi bat izan da herritarrekin afizioa konpartitzea. Magikoa.
Nola neurtzen da trikimailu batek funtzionatu duen ala ez?
Esperientziak ematen dizu hori, baina publikoaren erreakzioan ere ikusi daiteke. Erreakzio gardenak izaten ditu ikusleak: aspertuta badaude, isilik egoten dira; parte hartzen dutenean, ordea, gehiago sartzen dira egiten ari zaren horretan.
Trikimailuak egiteko moduak ere izango du garrantzia.
Artistaren firma da hori. Mago batzuek elegantzia erabiltzen dute, beste batzuek txisteak eta inprobisazioa edo umorea… eta ipuin kontalari onak izaten dira beste batzuk. Haurrentzako magia zein magia familiarra egin izan ditut beti, eta ipuin kontalari ona izan naizenez, antzerkia nabarmen erabiltzen nuen lehen, ikuskizuna dinamikoa izan zedin.
Gaur egun umorea gehiago erabiltzen saiatzen naiz: publikoarekin hartu emana handitu, konfiantza sortu, zirikatu… Hortik enfokatzen dut nire magia.
«Afizio bezala polita da magia, mugarik ez duen artea delako; ofizio bihurtzen denean konplikatzen da»
Zaila al da gaur egun mago izatea?
Bai eta ez. Afizio bezala oso polita da, mugarik ez daukan artea delako, baina ofizio bezala garbi dago ez dagoela ordainduta. Eta ez bakarrik magiaren mundua. Artearen bestelako alorretan ere ez da merezitako errekonozimendurik jasotzen. Oro har, afizioa ofizio bihurtzen den momentutik, bizitza konplikatzen hasten da.
Gaur egun eduki sortzaile gehiago dago mundu birtualean. Jende gutxi joaten da antzokietara eta zuzenekoetatik bizitzea geroz eta zailagoa da.
Epe motzera begira, ba al duzu esku artean konta litekeen proiekturik?
Oraingoz batere ez. Urte dezente erretiroan egon ondoren, magiarekiko grina piztu zait berriz ere, eta printzipioz, afizio hori errekuperatzeko ahaleginetan jarraituko dut. Akaso egon liteke Oasiaren edizio berri bat, baina herritarren esku dago hori. Gozatzen segituko dut bitartean.













