«Sagardoa nondik datorren eta zer balio duen erakusten saiatzen gara»
Urtarrilaren 23an ekingo dio txotx garaiari Zeraingo sagardotegiak, eta Zegama-Aizkorriko asteburura arte ariko dira zeregin horretan.
Anfitrioi lanak egitea egokitu zaio aurten Maite Retolazari, Oiharte sagardotegian egin baitzuten, atzo, Goierriko sagardotegien txotx denboraldiaren irekiera ekitaldia. Goierrin dauden lau sagardotegietatik denboraldiari hasiera ematen berantiarrena izango da Oiharte; urtarrilaren 23an irekiko dituzte ateak eta «gogotsu» daudela dio Retolazak. Gabonen aurretik hasi ziren erreserbak jasotzen. Oiharteko bezero gehienak ingurukoak izan ohi dira, goierritarrak noski, baina baita Oñati, Bergara edo Sakana (Nafarroa) aldeko asko ere. Bilbo eta Gasteiz aldetik ere gerturatzen da jendea. Irekiera aurreko hilabeteak «tentsio uneak» izaten dira: «Dena puntuan eduki nahi izaten da eta kostatzen da pixka bat», aitortu du.
Aurtengo sagardoa «gozatzekoa» dela aurreratu du: «Orokorrean arinxeagoak izango dira, uzta handia izan delako; baina ederrak». Oiharteren bereizgarrietako bat da duen sagardo eskaintza anitza. «Sagar barietate ezberdinekin egiten ditugu sagardoak; batzuk oso tanikoak izango dira Markesa bezalakoak; beste batzuk, Errezil sagarrarekin egindakoak adibidez, arinxeagoak. Horiez gain, muztioak, apardunak edo izotzezko sagardoak ere egiten ditugu».
Sagardoa dastatzeaz gain, atzean dagoena ezagutzeko aukera eskaintzen dute Oiharten: «Bezeroei sagardoa nondik datorren eta zer balio duen erakusten saiatzen gara, atzean dagoen lana ikusarazi eta sagardoa gozatu dezaten». Goierriko sagardotegi bakoitzak «bere ukitua» duela uste du eta «herri txikitakoak» izateak ematen diela nortasuna. Zegama-Aizkorriko mendi maratoiaren asteburuan emango diote itxiera denboraldiari.













