Elkar-Ekin Lanean programaren aurkezpena, urtarrilaren 21ean
Loratu Goierri (lorezaintza), Oinarrizko konpetentzia formakuntza, Zaindu Goierri (mendekotasuna duten pertsonei etxea arreta soziosanitarioa) eta Sukaldatu (ostalaritza sektorea) izango dira aukeratu daitezkeen ibilbideak. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute kasu guztietan.
Goiekiren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker, Elkar-Ekin Lanean programa jarri zuten martxan, “gehien behar dutenei bideak irekitzea, enplegurako zubiak eraikitzea eta eskualdeko txoko bakoitzean ilusio berriak ereitea” oinarri hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak (%85) eta Goierriko udalek (%15) finantzatzen dute.
Helburu horiek lortzeko bidean, Caritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Prospektiker, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, udaletako gizarte langileak eta Biok Zerbitzuak ere gehitu dira. “Elkarrekin, erakunde horiek guztiek ikusezina baina indartsua den inklusio- eta laguntza-sarea osatzen dute, parte-hartzaileei laneratzeko bidean laguntzen diena”.
Lau aukera, lau ibilbide
Loratu Goierri (lorezaintza), Oinarrizko konpetentzia formakuntza, Zaindu Goierri (mendekotasuna duten pertsonei etxea arreta soziosanitarioa) eta Sukaldatu (ostalaritza sektorea) izango dira aukeratu daitezkeen ibilbideak. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasoko dute kasu guztietan.
Urtarrilaren 21ean, 10:00etan eta 15:00etan, Goiekiko bulegoetan egingo dira 2026ko ibilbideen aurkezpen saioak. Bertan, programa osatzen duten eragileek parte hartuko dute, eta interesa duten pertsonek aukera izango dute informazioa jasotzeko, galderak egiteko eta izena emateko. “Izena emateko prozesuaren barruan, hizkuntza eta matematika probatxo bat egingo da, pertsona bakoitzaren egokitasuna baloratzeko”.
Aurkezpenera joan nahi dutenek aurrez izena ematea gomendatzen da, 943 16 18 31 telefono zenbakira deituta edo idatzita.
Goiekik emandako datuen arabera, “2025eko balantzeak zapore itxaropentsua uzten du: 101 lagunek parte hartu dute programaren ibilbide ezberdinetan, eta horietatik 18k dagoeneko bizi ahal izan dute beraien lehen lan esperientzia. Gainontzekoek 2026ra arte jarraituko dute formakuntzan”.
Bitartean, Elkar-EKIN Lanean taldeak lanean jarraitzen du, “hurrengo ikasturtea diseinatzen, ibilbide berriek eta formakuntza-sektore berri batek Goierrin ikasteko eta lan egiteko aukerak are gehiago zabalduz; era berean, xede berriekin amesten eta, tentuz hazten den orok bezala, azkenean fruitua emango duten proiektuak ereiten”.













