Hiru legazpiar dominekin itzuli dira Espainiako jiu jitsu txapelketatik
Unax Morenok zilarra irabazi du, eta Iñaki Leonek eta Urko Betolazak brontzea lortu dute, bakoitzak bere kategorian. Judo Legazpi klubeko kirolariak dira hirurak.
Domina lortu duten hiru kirolariak: ezkerretik eskuinera, Iñaki Leon, Unax Moreno eta Urko Betolaza.
Judo Legazpi Judo Legazpi klubeko hiru kirolarik podiumera igo dira asteburuan Madrilen, Espainiako Jiu Jitsu txapelketan lurreko borroka edo Ne Waza modalitatean lan bikaina egin eta gero. Unax Moreno, Iñaki Leon eta Urko Betolaza dira hiru kirolariak, eta zilarrezko domina bat eta brontzezko bi ekarri dituzte herrira, Legazpiko kluba estatuko jiu jitsu panoraman maila gorenean kokatuz.
Klubeko ordezkariek adierazi dutenez, “maila eta exijentzia handiko lehiaketa” izan dute legazpiarrek. Hala ere, egindako lan handiari esker, Unax Morenok Espainiako txapeldunorde titulua eskuratu du gizonezkoan M-77 kiloko kategorian, Iñaki Leonek brontzezko domina lortu du M-69 mailan eta Urko Betolazak beste bat M-85 kategorian. “Hiru domina hauek azken hilabeteetan egindako lan bikaina eta kirolari gazte hauen konpromisoa” islatzen dutela nabarmendu dute.
Txapelketa “bereziki gogorra” izan dela adierazi dute, “borroka oso intentsuekin eta esperientzia handiko aurkariekin”. Ildo horretan, aurretiko prestaketa “funtsezkoa” izan da, eta Eneko Zabaletak jokatu duen “paper garrantzitsua” nabarmendu dute, “hiru Jiu Jitsu kirolariak gidatu eta entrenatu baititu estatu mailako hitzordu honetara iristeko bidean”.
Gainera, gogoratu dute txapelketa honi begirako “sentsazio onak” aurretik zetozela. Izan ere, azaroan, Valentziako Jiu Jitsu Kopan, klubeko ordezkariek “lana fruituak ematen ari zela” erakutsi baitzuten. “Orain, susmo haiek baieztatu egin dira estatu mailako emaitza ofizialekin”.
Denbora asko zen Jiu Jitsu arte martzialak “maila honetako arrakastarik” lortzen ez zuela, “baina hiru gazte hauekin berriro ere emaitza onen bidera itzuli gara”. Gainera, “kirolariek ilusioa eta anbizioa erakusten dute hazten jarraitzeko, eta etorkizun hurbilean nazioarteko lehiaketetara salto egitea ez dute baztertzen”.
Judo klubaren arabera, “lorpen honek ez du soilik ahalegin indibiduala saritzen, baizik eta Judo Legazpi klub osoaren lan kolektiboa ere bai, entrenatzaile trebatu eta tituludunen gidaritzapean talentu berrien prestakuntzaren eta garapenaren alde egiten jarraitzen baitu”













